Bergarako EHBildu prest dago herritarrekin "birziklapen maila egokia ematen duen gaikako sistema adosteko"

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko urt. 9a, 14:36

Bergarako EHBilduk prentsaurrekoa egin zuen atzo hiri hondakinen gaiaren gainean. Osasunarekin eta ingurumenarekin konpromiso sendoa adierazi zuten: "Kolore politikoen gainetik konponbidea guztien artean eman behar diogu hondakinen arazoari", esan zuten. Eta gehitu zutenez, EHBildu "prest dago herritarrei entzun, beraiekin hitz egin eta birziklapen maila egokia ematen duen gaikako sistema adosteko". Horrekin batera, gogor salatu zuten "EAJ eta Bergara Garbia egiten ari diren joko zikina".

EHBilduko beste ordezkari batzuekin batera, Maritxu Goikoetxeak eta Maite Aristegik eman zuten prentsaurrekoa eta hondakinen gaiaren gainean EHBilduren alternatibaren berri eman zuten. Aristegik azaldu zuenez, "EHBilduk Europako legedia jarraitu eta hondakinak gaika biltzeko sistema egokiena herritarrekin batera aukeratuko du. Udalak atez ateko sistema proposatu du ikerketa guztiek erakusten dutelako birziklapen maila altuena lortzeko sistemarik egokiena dela; gainera, ekonomikoki erabat bideragarria da eta munduan turista gehien jasotzen duten hainbat lekutan erabiltzen dute: Erroman, Mallorcan, Menorcan eta Kataluniako kostaldean adibidez. Baina EHBildu prest dago herritarrei entzun, beraiekin hitz egin eta birziklapen maila egokia ematen duen gaikako sistema adosteko".

Sei konpromiso

EHBilduk garbi dauka "hondakinekin gaur egun arazoa" dugula eta horri irtenbide bat emateko konpomisioa hartu du "jakinda, horretarako bilketa sistema berri bat behar dela", Maite Aristegik aurreratu zuenez. "Birziklapen maila altua lortzea" ere bada alderdiaren konpromisioa. Zentzu horretan Aristegik zera azpimarrati zuen: "Europatik argi eta garbi dator agindua: hondakinak gaika bildu eta birziklatu egin behar dira; 2020tik aurrera ezin da erre birziklatu daitekeena. Zer zentzu dauka orain errauskailu berri bat egiteak?".

Bestalde, errauskailuak osasunaretzat "oso kaltegiarriak" direla ere azpimarratu zuen: "Ikerketa guztiek diote errauskailuen inguruan bizi diren herritarrek kantzerrak izateko arriskua asko igotzen dela, eta guk herritarren osasuna ez dugu arriskuan jarriko. Errauskailurik ez egiteko birziklatu egin behar da".

5. edukiontziaren gainean ere aritu ziren, eta ez dute "alternatiba gisa ikusten". Aristegik esan zuen: "Martxan dagoen herrietan, ez da %35 baino gehiago birziklatzea lortu. Beharrezkoa den gutxieneko birziklapen maila beraz ez da lortzen".

Parte-hartzea eta herritarren erabakia da alderdiak duen beste konpromisoetako bat: "Hori guztia bideratzeko, herritarroi entzun eta zuekin batera, adierazitako minimoak beteko dituen hondakinak biltzeko sistema egokiena zein den erabakiko dugu. Horretarako parte hartze prozesu zabala jarriko du martxan Udalak hurrengo asteotan", azaldu zuen eta "ingurumena zaintzea guztion bete beharra" dela ere azpimarratu zuen.

Europari eta munduari begira

Europako Batasunaren legedia ere ekarri zuten gogora: "Europako Batasunaren legediak argi eta garbi markatzen du bidea: hondakinak gaika bildu eta birziklatu behar dira, birziklatu daitekeena ezin da erraustu. Bide hori egiten ari dira Alemania, Belgika, Austria, Italia, Danimarca... eta hasi ez direnak lehenbailehen egin beharko dute. Ezkerreko eta eskuineko gobernuak ari dira norabide honetan. Estatu Espainiarrean ere baditugu adibideak.  Katalunyan PPk, PSCk, CIUk eta ERCk atez ateko bilketa sistema egokia dela onartzen badute, zergatik izango da txarra Gipuzkoan? Arrazoi politiko hutsak dira".

Zentzu horretan, "herritarrei informatzeko eta EAJren manipulazio merkeetan ez erortzeko dei" ere egin zieten.

"Joko zikina" salatu zuten

Era berean, Bergarako EHBLDUk "gogor salatu" nahi izan zuen "hondakinen gaiarekin EAJ eta Bergara Garbia egiten ari diren joko zikina". Maritxu Goikoetxeak azaldu zuenez, "atez atekoaren kontra egon eta mobilizatzeko eskubide guztia dute; ez, ordea, gezurra eta manipulazioa erabiltzeko. Hamaika astakeria esan dituzte beraien oposizioa erakusteko: alkateak, jarrera  frankistak erabili eta ezindu fisikoak behartu behar direla defendatzen duela diote; atez atekoa zikina dela; arratoiak erakartzen dituela; Errauskailuak Donostiako Su Artifizialek baino gutxiago kutsatzen duela; … Gezurra, gezurra eta gezurra. Ze arratoi eta zein zikinkeria agertu da Antzuolan, Hernanin, Usurbilen edo Oiartzunen? Batere ez. Antzuolak gaur bere hiri hondakinen %90 baino gehiago biltzen du berezita, eta hondakinen bilketa-trataera kostuak  merkeagoak dira. Antzuolan atez atekoa martxan dago, emaitza bikainak ematen ditu eta ez dago polemikarik".

Polemikaren arrazoiak eman zituzten

EAJ alderdiak "hiri hondakinen gaia politizatu eta manipulatu" egin duela uste dute, "Gipuzkoan aldaketa politiko eta soziala oztopatzeko, EAJ eta Gipuzkoako elite ekonomikoen pribilejioak mantentzeko".

"EAJ eta Gipuzkoako elite ekonomikoa negozioa egitearren edozer gauza egiteko gai" direla ere adierazi zuten: "Errauskailua eraikitzen gutxi batzuek negozioa egingo dute, inguruko herritarren osasuna jokoan jarriz. Herritarren bizitza kalitatea eta osasunaren gainetik, gutxi batzuen interes ekonomikoak ari da  defendatzen EAJ".

Hitz batean, "Bilduren gobernuak justizia sozialaren alde egindako politikak Gipuzkoako elite ekonomikoari kalte egiten" diola uste dute: "Banketxeei, eraikuntza enpresa handiei eta Gipuzkoan beraien morroi den EAJri", eta "horregatik hasi" dutela "zaborren gerra, zerbaitekin desgastatu nahi dutelako aldaketaren motorra".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak