Soraluce enpresak 30 lagun kontratu zituen iaz; aurten 15

Goiatz Arana Begiristain 2012ko eka. 13a, 18:24

Makina-Erremintaren Biurtekoa espero baino hobeto joan da Osintxuko Soraluce kooperatibarentzat, baina garaiek ez dute laguntzen: finantziazio arazoak tarteko, eskaerak erritmo baxuan sartzen ari dira. Edozein kasutan, iazko urtean eta aurtengo lehen lauhilekoan, ondo eutsio dio enpresak: 30 lagun hartu zituen lanerako iaz eta 15 aurten, oraingoz. 2008tik 2011ra, zortzi milioi euro inbertitu zituen. Aurtengo Makina-Erremintaren Biurtekoan, sari bat eta aipamen berezi bat jaso ditu.

Zehazki esanda, Makina Erreminten eta Fabrikazio Teknologien Diseinu eta Berrikuntzako Sari Nazionala irabazi du Soraluce Kooperatibak; Osagarri, Osagai eta Tresnen modalitatean izan da saritua, buru automatiko batekin. Bi ardatzekin, buru horrek erremintari biraketa transmititzea eta espazioko edozein tokitan kokatzea lortzen du. Horren bitartez, erremintak materiala apurtzen du eta, horrekin, piezak mobilizatzen dituzte.

Soraluce kooperatibaren burua "oso ondo ikusita dago merkatuan, puntakoa da teknologia aldetik eta ibilbide garrantzitsua du atzetik". Edozein posiziotan geometria oso garbia izateak bereizten du gainontzekoetatik.

Rafael Idigoras zuzendariaren esanetan, jasotako saria garrantzitsua da, egindako lana errekonozitzen duelako. Hori gutxi ez eta aipamen berezi bat ere jaso dute azken biurtekoan, aurkeztutako fresatzeko makinetako baten diseinu berriarekin. Alde horretatik, bikain joan da, beraz, azoka Soralucerentzat eta gainontzean ere uste baino hobeto. Garaiek ez dute laguntzen, ordea: finantziazio arazoak tarteko, eskaerak oso erritmo baxuan ari dira sartzen.

Egoera oso ezberdinak azken sei urteetan

Krisiari buruz galdetuta, Idigorasek azaldu digu azken sei urtetan egoera ezberdinak bizi izan dituztela: 2006tik 2008ra, ekonomia sendo zegoen eta fakturazioa eta produkzioa bikoiztera ailegatu ziren; 2009tik 2010era, krisiak eragin negatiboa izan zuen, inbertsioak geratu egin ziren eta kontratu asko bertan behera geratu; eta 2011k errekuperazio zantzuak erakutsi zituen arren, aurtengo apiriletik geratzen ari da berriz eta badirudi hori izango dela tendentzia.

Makina-erremintarena sektore esportatzailea da eta hori bere alde du garai zail hauetan. Baina beldur handia dago eta horrek inbertsioak gerarazten ditu; produkzio gaitasuna eskaera baino handiagoa da eta, ondorioz, prezio borroka handia dago. Soralucek, baina, ondo aurre egin dio orain artekoari: 2008tik 2011ra zortzi milioi euro inbertitu zituzten; 2011n 30 lagun kontratatu, eta aurten beste 15, oraingoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak