Miguel Lazpiurrentzat Korta sarietako bat

Goiatz Arana Begiristain 2012ko eka. 12a, 14:20

Confebaskeko lehendakari izandako enpresari bergararrak jasoko du arratsaldean Lehendakaritzan banatuko dituzten XII. Korta sarietako bat. Justo Ercilla (Gasteizko Zayer enpresaren sortzaileetako bat), Jesus Hermosilla (Baskonia taldeko arduraduna), Juanjo Azkarate (CCCren kontseilari ordezkaria) eta Migel Gandiaga (Ingeteam taldearen fundatzailea) izango dira beste lau sarituak. Patxi Lopez Lehendakaria izango da ekitaldiko buru; enpresari, erakunde eta euskal jendarteko ordezkari ugari batuko da.

Epaimahaiak azpimarratu duenez, nabarmentzekoa da bost sarituek euren lan jarduera garatu duten enpresaritza sektoreekiko duten konpromisoa. Halaber, "enpresaritzako baloreak garatzen, enpresak sortzen eta jarduera berriak eta lanpostuak sortzen izan duten garrantzia" azpimarratu du.

Aurten, bost enpresari horien lan-ibilbidea goraipatzeaz gain, Lehendakariak Joxe Mari Korta sariak eman dituzten 12 urteetan sarituak izandako guztiak omendu nahi ditu. Sariek ETAk hildako eta Adegiren lehendakari izandako enpresari gipuzkoarraren izena dute.

Miguel Lazpiur

1942ko irailaren 16an jaio zen Bergaran. Ezkonduta dago eta alaba eta biloba bana ditu. Ikasketa mekanikoen Lanbide Heziketa egin zuen Miguel Altunan, Bergaran, eta bertan maisu industrial titulua lortu zuen.

Miguel Lazpiur tornulari aritu zen Arrasateko Nito lantegian eta Eibarko Andres Alberdin. 1960an, Jose Lazpiur aitarekin batera, Jose Lazpiur Elcoro enpresa sortu zuen, tailer mekanikoaren jarduera egiten zuena, piezak mekanizatuz. Jarduera sendotuta, diseinua sartu zuen bere produktuetan; 1964an Miguelek torlojuak punteatzeko lehen makina automatikoa diseinatu zuen soldaduskan eta, horri esker, bere lehen asmakizun patentea lortu zuen.

1973an, krisi ekonomikoari erantzuteko, produktua dibertsifikatu zuen eta taldeak linea zuria, automobilgintza, elektronika… egiteari ekin zion. Hamar urte geroago, Jose Lazpiur SA enpresa sortu zuten, 18 langilerekin.

Aitaren erreleboa

Jose Lazpiur 1985ean hil zen eta Miguelek enpresaren kudeaketa-lana bere gain hartu zuen. Bergarako San Blas auzoko pabilioiak handitu zituen.

1989an, Miguel zuzendari zela, enpresak kalitatearen bidea aukeratu zuen eta industriaren munduan erabiltzen hasiberriak ziren kontzeptuak erabiltzeari ekin zion: bezeroen asebetetzea eta produktu eta zerbitzuen kalitatea. 1993an AENORen ISO 9001 ziurtagiria lortu zuen eta, bi urte geroago, United Technologies multinazionalak saritu zuen.

Miguel Lazpiurrek langile guztiak enpresaren proiektuan parte har zezaten bultzatu zuen eta, 1999an, enpresaren instalazioak handitu zituen, Impreci zaharraren ondoan zeuden pabilioiak bereganatuz.

GKN-Driveline-Lazpiur eta Zubikua

Urte hartan baita ere, GKN multinazional ingelesarekin joint-venture delakoa sinatu eta GKN-Driveline-Lazpiur sortu zuten, Bergaran, 50 langile inguru dituena. 2002an Zubikua galdara-lantegia sortu zuten; Bergaran hori ere. 2004an zehar, Toulousen (Frantzia) dagoen Digital Control Berri enpresako kide izatera pasa zen. Aurretik, 2003an, J. Lazpiur Taldea sortu zuen, enpresa batzuk jabetzan eta beste batzuk bazkideekin parte-hartzean.

Taldeak 112 langile inguru ditu gaur egun eta zortzi asmakizun patente lortu ditu. 

Confebaskeko lehendakari

Miguel Lazpiur Confebaskeko lehendakari izan zen 2005etik 2011ra, nahiz eta beste zenbait ardura ere izan dituen, besteak beste, CEOEren lehendakariordea, Adegirena, eta DCBerriren kontseiluko kidea. Gaur egun, J. Lazpiur SA Taldeko eta CM Jose Lazpiur SAren kudeatzailea da, baita Ipar Asepeyo eta FISC GKEren kontseiluetako kide ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak