LA-TOX: "Estilo elektroniko askoren nahasketan datza gure musika guztiaren funtsa"

Peio Madrid 2012ko eka. 13a, 02:00

LA-TOX talde bergararrak 2002an hasi zuen bere ibilbidea Yotox izeneko proiektuarekin. Sei urte beranduago bigarren maketa bat atera zuten, E-TOX, elektronikaz gain ahotsa eta soinu akustikoak barneratzen dituena. Aurtengo martxoan haien azken lana kaleratu dute, disko erreal moduan oraingoan. Produkzioa LA-TOX izenarekin bataiatu dute, eta, haiek esaten duten moduan, elektronika estilo ezberdinen nahasketa da.

Non eta nola grabatu dituzue LA-TOX proiektua osatzen duten abestiak?

Grabazio lanak estudioan egin ditugu. Lehen etxea erabiltzen genuen estudio moduan, baina diskoan bateria akustikoa sartzeak problema handia suposatu du. Beraz, lokalera joan gara diskoaren zortzi kantak grabatzera. Gero, extra track moduan aurretik grabatuta geneuzkan hiru kanta sartu ditugu. 

Alemaniako teknoarekin zerikusi handia du zuen musikak. Zeintzuk dira zuen influentziak?

Egia esateko,influentzia mordoa ditugu, talde askotan fijatzen gara. Udan Holandan ospatzen den Summer Darkness festibalera urtero goaz. Han elektronikaren munduko talde ugarik hartzen dute parte, eta horietan asko fijatzen gara. Estilo ez komertzialak dira guri gehien gustatzen zaizkigunak: cyberfunk, ruidista edo elektronika arrunta, batzuk esatearren.

Kritikak jaso dituzue noizbait? Nolakoak izan dira horiek? 

Bi izan dira jaso ditugun kritika nagusiak: egiten dugun musika ez dagoela definituta eta zentzurik ez duela. Definizioaren kontua dator pop-aren ohiko estruktura jarraitzen ez dugulako, lanean estilo ezberdinetako kantak sartu ditugulako. Baina guretzat hori ez da txarra, azken finean entzuleak abesti ezberdinak ditu aukeratzeko, bata gogorregia egiten bazaio, melodikoagoak diren beste batzuk entzuteko aukera izango du. Oso disko heterogeneoa sortu dugula uste dugu.

Zuzenekoan irudiei berebiziko garrantzia ematen diezue. Zergatik?

Irudien erabilerarekin transmitizea eta entretenitzea nahi dugu. Biorobots jotzen dugunean, adibidez, Chernobileko hondamendiaren irudiak proiektatzen ditugu kritika egiteko. Beste batzuetan irudiek ez dute logika edo esanahi argirik jarraitzen, entzulea entretenitzeko erabiltzen ditugu, zuzenekoa betetzeko. Kontuan hartu kantatzen ez duten bi pertsona eszenatokiaren gainean ikusteak entzuleengan eragin ezkorra izan dezakeela. Horregatik, eta hutsune hori betetzeko, irudiak txertatzen ditugu.

Internet zuen obra zabaltzeko erabili duzue. Zertan eragin dezake Interneten eta beste medioen pribatizaziorako joerak musikan?

Gure ustez, pribatizazioak ekartzen duena bitartekarien aberastea da bakarrik. Artistek dirua irabazten dute, bai, baina gehiena erdibidean geratzen da. Guk horren kritika ere egiten dugu, azken finean sortu dugun diskoa guk bakarrik produzitu dugu, bitartekariak erditik kenduz.  Tarteko pertsonek eraman behar badute dirua nahiago dugu diskoa dohan zabaltzea. 

Yotox edo E-TOX proiektuekin alderatzen badugu zertan ezberdintzen da LA-TOX?

LA-TOX proiektua melodikoagoa dela esan dezakegu. Aurreko biak, bereziki Yotox, "kañeroagoak" ziren dudarik gabe, bortitzagoak. E-TOX-ek itxura hobea hartu zuen Laidak bateria akustikoa jotzen zuelako eta abeslari batek laguntzen zigulako. Orain soinua melodikoagoa da, esperimentalagoa.  Diskan jartzen duen moduan, LA-TOX Washing Machine estudioan sortutako proiektua da, doinuen esperimentazioaren emaitza zuzena. Esan behar da kanta gogorrenak ere baztertu ditugula, lana entzungarriagoa izan dadin. 

Etorkizunera begira, zer da martxan daukazuena?

Proiektuarekin jarraitzea da gure ideia. Bateria akustikoa sartzea da gure helburu gertukoena. Berritzen jarraituko dugu beti, berria denari ateak itxi gabe. Horrela, pixkanaka-pixkanaka, definitzen gaituen estiloa aurkitzea espero dugu. Kritikak jasoko ditugula badakigu, baina berria dena kritikatzeko joera normala dela uste dugu. Ondo pasatzea eta makinen bidezko kreazioa dira gure ardatzak, hobby bat dela inoiz ahaztu gabe, noski.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak