Yanéé: "Gustuko dudan guztia barneratu eta nire abestietan erabiltzen dut"

Ander Monedero 2012ko eka. 7a, 02:00

Gorka Mendoza (Bergara,1980) 1998an hasi zen lagun artean musika jartzen, besteak beste, Ima Child Out-en eraginez, eta handik gutxira Bergarako Go Jam-en saioak eskaintzen hasi zen. Gero, 21 urte zituela, Londresera bizi izatera joan, eta musika elektronikoaren eszenan sartu zen. Bere ibilbidearen eta kaleratu berri duen Roof Top EPari buruz hitz egin dugu.

18 urterekin hasi, eta 21ekin Londresera salto egitea erabaki zenuen. Zergatik?

20 urterekin, inguruko DJ eta lagun talde batekin batera Go Jam-en programazioa eramaten hasi ginen. Urtebete geroago, aldaketa behar nuen, eta Londresera joan nintzen, Ekoizpen Musikala ikasteko asmoarekin.

Londresen zinela, munduko leku askotan saioak egiteko aukera izan zenuen.

Musika elektronikoaren eszenan sartu nintzen, publikoak eta programatzaileek nire lana ezagutzen hasi, eta beste herrialde batzuetan saioak egiteko gonbidapenak jaso nituen.

Gonbidapen horiekin, besteak beste, Polonian, Zipren, Brasilen eta Argentinan egon zara.

Kanpoan saioak egitea esperientzia polita da, asko ikasten da eta norberaren lana zabaltzeko aukera ezin hobea da.

Elektronikaren jaioterria eta jarraitzaile gehien dituen lekua Ingalaterra da.

Elektronika sortu zenetik abangoardia da Ingalaterra. Estilo desberdin askoren nahasketa dago eta genero berriak sortzen dira; adibidez, Dubstep generoa. Hemen ez da askorik ezagutzen eta estilo hau Euskal Herrira heldu orduko urte asko pasatuko dira. Tendentzia berriak entzuteko orduan lo gaude!

Collider diskoetxearekin Roof Top izeneko lana kaleratu duzu. Nola sortu zen diskoa kaleratzeko aukera?

Lagun baten bitartez sortu zen diskoa kaleratzeko aukera. Nire lana ezagutu eta gustatu egin zitzaion eta Fernando Carvalho ekoizlearekin harremanetan jarri ninduen. 

14 urteren ostean, zuzenekoetatik  diskoa egitera pasatu zara. Batetik bestera jauzi handia dago?

Orain arte nire lana zuzenean erakutsi dut, eta disko batean abestiak sartzeak errespetu handia ematen dit, baina aukera hau momentu egokian etorri zaidala uste dut.

Diferentzia handia dago zuzenekoak prestatzetik disko bat prestatzera?

Alde handia dago, batez ere, nire kasuan bezala, disko bat lantzerakoan esperientziarik ez dudalako. Lana bukatu arte ez dakizu nola geratuko den; gainera, diskoak autoan eta etxean entzuten dira, ez diskotekan.

Diskoa etxean ekoiztu duzu.

Bai; Zigoitiko baserri baten bizi naiz, bertan estudio bat egin dugu eta hiru hilabete egin ditut abestiak prestatzen. Esan beharra dago diskoaren ahotsak bat-batekoan grabatu genituela, abeslariari musikak transmititzen ziona islatu zuen, eta emaitzarekin oso pozik nago.

Diskoan hartutako jakinduria zuzenekoetan islatuko duzu?

Bai, musika entzutea asko gustatzen zait, eta, gauez irteten naizen bakoitzean, entzuten dudan guztian arreta handia jartzen dut. Gustuko dudan guztia barneratu eta nire abestietan erabiltzen dut.

Zuzenekoak abestiak hobetzeko aukerak ematen ditu.

Abestiak bukatzen hilabeteak pasatzen ditut, zuzenekoetan inprobisatzea gustatzen zait, eta gustuko gauzak abestietan integratzen ditut. Genero hau entzuten dutenek badakite abesti batetik bestera salto handia dagoela.

Roof Top diskoa formatu digitalean kaleratu duzu.

Aurrekontu murriztua dugu, eta, oraingoz, deskarga digitalaren bitartez eskura daiteke. Etorkizunean, dirua lortuz gero, formatu fisikoan kaleratuko dut. Nire binilo bat eskuetan izateko irrikan nago.

Nola ikusten duzu hemengo musika elektronikoaren eszena?

Publiko asko dago, baina ez guk nahi beste. DJ piloa dago, eta gauza interesgarriak egiten ari dira. Ala ere, DJen arteko senidetasuna falta da, pikeak eta inbidiak alde batera utzi eta elkarrekin lan handiagoa egin behar dela uste dut. Argentinan ikusi nuen elkarrekin lan eginda eszena indartsua lor daitekeela; elkarlanak DJ hobeak sortzen ditu.

Non eta noiz entzun dezakegu Yanééren saio bat.

Orain Cadizera noa bi diskotekatan lan egitera. Uda osoa bertan pasatuko dut El Palmarko Mambo Beach-en eta Conilgo La Luna diskotekan.

Zure emanaldiak Interneten entzun daitezke?

Bai, www.soundcloud.com/yaneemusic eta www.soundcloud.com/gorkajam helbideetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak