'Dantzaritxo': Bergarako erraldoi berria

Arritxu Barruso 2012ko eka. 1a, 02:00

Bergarako Pentekoste jaietan, pasa den domekan, erraldoi bitxia aurkitu genuen Bergarako kaleetan barrena gora eta behera; ohiko erraldoiak baino txikiagoa, baina handiak bezain ondo mugitzen zena. Erraldoiaren barruan 7 urteko mutikoa topatu genuen: Jon Errasti.

Irribarre handi batekin eta harro kontatu digu berak egindakoa dela. 

Gaztea da oraindik, baina argi ditu bere zaletasunak, eta horietako bat dira erraldoiak. Dagoeneko bost egin ditu, aitaren laguntzarekin: "Betidanik gustatu izan zaizkit eta jaietan beti egoten naiz haiei begira. Lehenengo biak amamaren dendan ipintzeko egin nituen; gero beste bi egin nituen; eta orain hau", kontatu digu.

Prozesu luzea 

7 urte besterik ez duen arren, ondo baino hobeto moldatu da prozesu guztia detaile guztiekin azaltzeko: "Burua egiteko egunkariak erabili ditut, eta, ondoren, kola eman eta gogortu arte itxaron behar da. Gorputza egiteko, berriz, hasieran egurrezko xafla arinegiak ipini genituen, baina ez zuten balio; beraz, sendoagoak ipini behar izan genituen. Aitaren laguntza izan dut, baina hura oso lanpetuta ibiltzen da eta askotan lana apurka-apurka neuk aurreratzen nuen".

'Dantzaritxo'-ren bikotekidea

Txapela eta arropa zuria ipini dizkio Jon txikiak erraldoiari; izan ere, dantzaria da; Dantzaritxo ipini dio izena. Dantzariek, baina, bikotekidea izan ohi dute dantzan egiteko, eta horrekin ere konturatu da –ez da ez erraza ezerk Joni ihes egitea–; beraz, Dantzaritxoren bikotekidea egitea izango da hurrengo erronka. "Hurrengoa nolakoa izango den buruan daukat dagoeneko. Dantzaritxo-ren bikotekidea izango da eta arropa ere pentsatuta daukat nolakoa izango den. Arrosa eta zuria izango da. Aitak denbora apur bat duenean hasiko gara lanean".  

Erraldoiak egitea prozesu luzea dela esan digu Jonek, baina zazpi urtean dagoeneko bost egin baditu, aurki erraldoien konpartsa propioa egiteko moduan izango da. Akaso, datorren urteko Pentekoste jaietarako prest izango du Bergarako hurrengo erraldoia: Dantzaritxo-ren bikotekidea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak