Eskola txikiek '25 urte, 25 tontor'

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko mai. 8a, 22:14

Eskola txikiek 25 urte betetzen dituzte aurten eta urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi egiten ari gara. Horien artean dago 25 urte, 25 tontor izenekoa. Joan zen asteburuan egin zuten. Angiozarko eskolako ume eta gurasoek, esaterako, domekan Gaztelumendira igo ziren. Aurretik eskolan ibili diren beste zenbaitzuk ere bai. Ospakizun ekitaldiak ekainaren 3an amaituko dituzte Larraulen, "Eskola Txikien festa handiarekin".

Angiozarkoek bezala, Gipuzkoako beste herri batzuetako eskola txikietakoek ere egin zituzten tontorrak. Altzokoek, esaterako, Otsabio igo zuten; Ikaztegietakoek, Intxurre; Albizturkoek, Mendikute; Abaltzizketakoek, Txuntxurremendi; Zizurkilgoek, Urkamendi; Lizartzakoek, Orexako Espuru gaina; Bidegoianekoek, Txinkorta; Errezilgoek, Gazume; Alkizakoek, Memdiola; Adunakoek, Belkoain; Larraulgoek Murgil…

Eta, kontatu digutenez, herri batzuk, gainera, tontorrerako bidea erabili dute beste elementu interesgarriren bat bisitatzeko. Adibidez, Ereñozukoek Akolako lepoko trikuharria bisitatu dute Akola-Txara-rako bidean; Zubietarrek Zubietamendirako bidean dagoen Olaiko trikuharria, eta Igeldokoek Onddi mendiaren historiaurreko aztarnak.

Hona, jarraian, ekimenaren inguruan bidali diguten idatzia. Zorionak, aldez aurretik, bai Angiozarko eskola txikiei eta baita lurraldeko gainerakoei ere.

Eskola txikiak gailurrean

"25 argazki asko dira berri labur baten ondoan ipintzeko, baina horiexek azaltzen dute hobekien, asteburu honetan gure mendietan gertatu dena.

Eskola Txikietako ume, guraso, irakasle zein herrikideek Euskal Herriko 25 tontor jendez jantzi dituzte, haien urteurrena dela eta. Euri-tantak zein eguzki-izpiak izan dituzte bidelagun, eta batzuekin zein besteekin pozik igo ziren haurrak -eta ez hain haurrak- eskutan pankartak zituztela.

Aurten 25 urte beteko dira, lehen Eskola Txikien festa egin zela. Gurasoen Koordinakundeak eta Eskola Txikietako irakasleen koordinatzaileak ekimen ugari ari da antolatzen, 25 urteak ospatzeko, eta horietako bat zen 25 urte, 25 tontor deiturikoa. Aurretik, Aiako Andatzan izan ziren hegaztiak askatzen, eta baita kutxa bidaiarian historia-zatiak gordetzen ere: altxorrez betetako kutxa horren bidaia zein ospakizunak Larraulen amaituko dira, datorren ekainaren 3an, Eskola Txikien festa handiarekin batera.

Eskola Txikiak dira herri askorentzat, umeei eskola emateko toki bakarra, eta, beraz, herriko bizitza bermatuko duten esperantza. Eskerrik asko gailurra zapaltzen lagundu diguzuen ikasle, ikasle-ohi, guraso, irakasle, eskoletako langile, eta herrikide guzti-guztiei; eskerrik asko herri eta auzo txikiak bizirik mantentzen laguntzen duzuen guztiei".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak