Bergarako Ezker Abertzalea atez atekoaren alde, "zaborrik gabeko Bergara eta Gipuzkoa" nahi duelako

Edu Mendibil 2012ko mar. 6a, 13:49

Bergarako Ezker Abertzaleak prentsa aurrekoa egin zuen atzo iluntzean Artatse elkartean. "Zaborrik gabeko Bergara eta Gipuzkoa" nahi dutela adierazi zuten komunikabideen aurrean eta atez atezko hondakinen bilketa sistemaren aldeko iritzia plazaratu zuten. Hogeita bost lagunek egin zuten atzoko agerraldia.

Ibai Redondok eta Amagoia Aristegik irakurri zuten Ezker Abertzalearen iritzia hondakinen kudeaketaren gainean: "Orain arte, hondakinen kudeaketa gaizki egin da eta gaur egun arazo bat daukagu hondakinekin. Guk zaborrik gabeko Bergara eta Gipuzkoa nahi dugu eta arazo honi irtenbidea emango diogu gauzak ongi egiten hasita". Honela jarraitu zuten: "Nola konformatuko gara emaitzarik ematen ez duen sistema batekin? %35a birziklatzearekin konformatzea ez da gauzak ongi egitea. Guk helburu askoz handiagoak ditugu. Frogaturik dagoela bilketa sistema eraginkor batek %80ko birziklapen emaitzak ematen dituela. Eta sistema hori Oiartzun, Hernani, Usurbil eta gertuago, Antzuolan, martxan dagoen atez atekoa da".

Errauskailua eta 5. kontenedorea

Bosgarren kontenedoreak emandako emaitzak kritikatu zituen Bergarako Ezker Abertzaleak atzo: "Hondakinen %30-35 solik biltzen dute sailka, dagoen sistema garestiena da, eta bere alboan errauskailua behar du. Errauskailuak ura eta lurra kutsatzeaz gain airera partikula oso kutsakorrak (dioxina eta furanoak) igortzen ditu, osasunari kalte larria eraginez", adierazi zuen Ibai Redondok.

Eta hauxe gaineratu zuen: "Alternatiba hau defendatzen dutenek, beraien esku zegoen guztia egin dute errauskailua eraikitzeko eta Ezker Abertzalearen ilegalizazioa aprobetxatu dute proiektua azeleratzeko. Proiektu kutsakorra, garestia eta zentsu gabea da errauskailuarena. Gainera, erraustegiak sortzen dituen material toxikoendako zabortegi toxikoak ere behar direla ezkutatzen saiatu dira. Gauzak horrela, proiektu honek herritarren ezezko borobila jaso duen arren, inori ezer galdetu gabe aurrera jarraitu dute".

Hainbat komunikabidetan martxan den "manipulazio kanpaina" salatu zuen Bergarako Ezker Abertzaleak eta, era berean, errauskailua egiteko atzean dauden interes ekonomikoak daudela adierazi zuten; "FCC, Altuna y Uria, Moyua... dira errauskailua egiteko kontratatuta dauden enpresa nagusiak. Gipuzkoa porlanaren negozioaren aitzakiakiarekin txikitu eta beraien poltsikoak bete dituzten enpresak".

Udal gobernuari babesa

Esan bezala, atez ateko sistemaren alde azaldu ziren Ezker Abertzaleko kideak. "Aurrerapen handia da Gipuzkoan zehar hedatuz gero, ingurumenari eta osasunari ekarpen handia egingo diogu eta errauskailua ez da behar izango. Ahalegin txiki bat besterik ez du eskatzen. Gure osasunak eta gure seme-alabenak ez al du merezi? Azkenik, hurrengo asteetan Bergarako Udalak atez ateko sistema jartzeko erabakia hartuko duela jakitun, urrats hori emateko Ezker Abertzalearen erabateko babesa duela adierazi nahi dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak