Umeen elikaduraren gaineko ikastaroa eskainiko du Mireia Alberdik

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko ots. 10a, 11:17

Nutrizioa haurtzaroan izeneko ikastaroa emango du Mireia Alberdi dietista nutrizionistak martxoan. 2 urteko haurrak dituzten gurasoei zuzendutako ikastaroa izango da eta astean behin eskainiko ditu saioak, eguaztenetan. Hiru saio teoriko eta saio praktiko bat egongo dira; saio bakoitzak ordu eta erdi iraungo du. Ikastaroan parte hartzeko izena astelehenetik aurrera eman ahal izango da kultura etxean.

Helburua da gurasoen beldurrak kentzea eta elikadurak adin horretan duen garrantziaz jabetzea.

Elikaduraren garrantzia

"Elikadura egokia eramateko, garrantzitsua da 2 urteko umeei jateko orduan ohitura batzuk finkatzea; horrela, epe luzera ohitura horiek mantendu ahal izateko eta oinarri sendoa izateko. Modu horretan, gero gauzak errazago egiten dira", dio Alberdi nutrizionistak.Eta zer gertatuko litzateke elikadura ezegokia eramanda? "Umeen loditasuna goraka doa, eta hori izan daiteke ondorioetako bat. Loditasuna ez da arazo estetikoa, arazo fisikoa da eta epe luzera ondorio larriak ekartzen dituena".

Hori ez gertatzeko, Alberdik piramide bat zer den irakatsiko die gurasoei, eta piramide des-berdinak ezagutuko dituzte. Menu bat nola egin jakitea ere oso inportantea dela dio Alberdik: "Inprobisazioa ez da ona, aste osoko jatorduak gutxi gorabehera antolatuta izan behar dira, elikadura ahalik eta osasuntsuena eraman ahal izateko".

Gurasoen galdera, zalantza eta beldurrei ere erantzungo die Alberdik ikastaroan, eta haren gomendioa da jaki freskoak erabiltzea.

Izen-ematea

Izena astelehenetik aurrera eman ahal izango da, hilaren  24ra arte, kultura etxean edota 943 77 91 60 telefonoan. Izena ematen dutenek 15 euro ordaindu beharko dituzte; zaintza zerbitzua erabili nahi dutenek, berriz, 25. Ikastaro egunak izango dira martxoaren 7an, 14an, 21ean eta 28an, 18:00etatik 19:30era.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak