Atez-atekoa ezarri nahi izatea egotzi dio PSE-EEk udal gobernuari

Goiatz Arana Begiristain 2011ko api. 28a, 18:40

Azken osoko bilkuran, udalbatzak Usurbilgo Itunaren aldeko mozio bat onartu zuen, ezker abertzalearen, Aralarren eta EAren aldeko botoekin. Urrats horrekin, herrian atez-atekoa ezartzeko borondatea ikusi dio alderdi sozialistak udal gobernuari eta hondakinak batzeko sistema horren kontrako bere jarrera azaldu du.

Alderdi sozialistak aurka bozkatu zuen eta hondakinen kudeaketari buruz duen iritzia plazaratu du orain, prentsa ohar baten bidez. Bergarako PSE-EEk dio Gipuzkoan sistema horrekiko esperientzia "oso txarrak" ari direla izaten, eta Antzuolako herritarrek jarri omen dituzten kexak ipintzen ditu horren adibide moduan.

Bilketa sistema hori estetikoki “zakarra” izateaz gain, ez dela praktikoa dio alderdi sozialistak, hondakin mota bakoitza ateratzeko egun zehatz bat dagoelako. Gainera, atez atekoak herritarrek zaborra beste herri batzuetara eramatea dakarrela ere badio. Bestalde, gaineratzen du sistema horrek orain arte edukiontzietan eginiko inbertsioa alferrik galtzea dakarrela eta altzari berriak eskuratzea eskatzen duela. Bizi dugun krisi ekonomikoa kontuan hartuta, alderdi sozialistak ez du ikusten sistema horren aldeko apustua egitea kudeaketa eraginkorraren eredu moduan, dirua xahutzea iruditzen zaio.

Horregatik guztiagatik, Bergarako alderdi sozialistak errefusatu egiten du atez ateko bilketa sistema. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak