Erramu-zapatua Bergaran, herriko feriarik handiena

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko api. 15a, 15:45

09:30ean irekiko dute feria eta erdiguneko kaleetan iznago da. Egun horretarako aparkalekuak egokituko dituzte Martinez Irala eta San Martin ikastetxeetako jolaslekuetan

Erramu-zapatuko feria egingo da herrian gaur, eta, ohi bezala, gauza asko egongo da ikusteko. 09:30ean irekiko dute eta bazkalordura arte ganadua, artisauak, bertako jakiak... egongo dira erdigunean. Kontuan izan behar da, bestalde, Udalak mahoi janzteko gonbidapena egin diela herritarrei.

Ibargarai kalean ganadua egongo da ikusgai; Seminarioko jolaslekuan hegaztiak, animalia bitxiak eta baserriko makineria; San Martin plazan artisauak egongo dira eta Fraiskozurin eta Simon Arrietan bertoko produktuak, besteak beste.

Azokarekin batera...

Saiheski dastatzea ere egongo da. 11:00etan hasiko da, Munibe plazan, Giokelaren eskutik. Ibargarain txorimalo erakusketa eta lehiaketa egingo dute Jardunekoek. 11:30ean hasiko da erakusketa eta sari ematea 13:00etan egingo dute.

14:30ean herri bazkaria egongo da, Udal Pilotalekuan, eta 400 bat lagun espero dira. Txartelak erosteko azken eguna gaur, egubakoitza, da, eta eskura daitezke 16 eurotan –12 euro 12 urtetik beherakoek– Depor, Bule, Euxebio eta Frontoiko tabernan. Txartelik soberan geratuz gero, bihar goizean salduko dute Udal Pilotalekuko leihatilan.
Arratsaldean, 17:30ean, umeendako zezentxoak egongo dira Seminarioko jolaslekuan.

Udaltzaingoaren oharrak

Azoka dela-eta bihar zirkulazioan hainbat aldaketa egingo direla jakinarazi du Udaltzaingoak: batetik, Ibargarai kalea zirkulazioari guztiz itxita egongo da, lur azpiko aparkaleku publikoko sarreratik Miguel Altuna instituturaino.

Bestetik, PESAko autobusak ez dira herri barruan ibiliko; beraz, Ibargarai 7ko eta Oxirondoko geltokiak zerbitzuz kanpo geratuko dira. San Lorentzoko geltokia Mutualiaren aurrean egongo da.

Urbanoari dagokionez, palmondoko biribilguneraino helduko da, han buelta hartu eta saihesbidetik joango da Matxiategi aldera. Beste aldeko ibilbidea Zurradero kaletik egingo du urbanoak.

Aparkaleku beeziak

Aparkaleku bereziak ere antolatuko dituzte Martinez Irala eta San Martin ikastetxeetako jolaslekuetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak