Etxeko zaleen babesarekin Eneko Muguruza Euskal Ligako txapeldun

Ander Monedero 2011ko ots. 25a, 21:29

Bergararra Salaberria baino gehiago izan zen eta txapeldun berriak 22-11 irabazi zuen partida

Eneko Muguruza da senior mailako Euskal Ligako banakako txapeldun berria. Pilotari bergararrak egubakoitz iluntzean Bergarako pilotalekuan lortu zuen txapela, Oskarbi taldeko Salaberria 22-11 menderatu ostean. Muguruzak ez zuen bi pilotariek ligan jokatutako partidan izandako akatsak errepikatu eta hasieratik pilota partidaren bila joan zen.

Etxeko pilotariak lehen sakea egin zuen eta ez zuen lehenengo aukera galdu. Horrek min handia egin zion Salaberriari. Muguruzak bere buruan konfiantza  hartu eta markagailuan 12-6 jarri zen. Momentu horretan etxeko pilotariak beherakada izan zuen eta Salaberriak jarraian bost tanto egin zituen.
Oskarbi taldeko pilotaria gertu ikusi zuenean erreakzionatu zuen Muguruzak: jarraian hamaika tato egin eta partidua irabazi zuen. Bukaeran, 22-11 Muguruza etxeko zaleen aurrean, Euskal Ligako banakako txapeldun berria bilakatu zen.

Baina ez egubakoitz iluntzean Euskal Ligako jokatu zen final bakarra, beste bi final gehiago jokatu zituzten: senior eta ohorezko mailako eskuz binakako finalak jokatu ziren. Lehenengoan, Elezkanok eta Larrunbek 22-5 menderatu zuten Barandiaran eta Sanchez. Bigarrengoan, berriz, Ojuel eta Gorrotxategik osatutako bikoteak 22-16 irabazi zuen Apezetxea eta Telletxea bikotea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak