Seminarioaren eta Arrizuriagaren arteko trukea aurreratzea eskatu diote Diputazioari

Edu Mendibil 2011ko urt. 18a, 17:38

Errege Seminarioaren eta Arrizuriagaren arteko permuta dela eta, Bergarako ezker abertzaleak, Aralarrek, PSE-EEk eta EAk Diputazioari zera eskatu diote gaur prentsa aurrean: aipatutako permuta lehenbailehen egitea (Diputazioak irailera arte atzeratzea adostu zuen) Bergarako Udalak denboraz planifikazioa egin ahal izateko.

Esan bezala, Diputazioak permuta 2011ko irailera arte atzeratzea proposatu zuen eta Bergarako udalbatza horren kontra azaldu zen: ezker abertzaleak, Aralarrek, PSE-EEk eta EAk bat egin zuten eta Batzar Nagusietara bideratu zuten gaia, permuta iraila baino lehen egiteko eskatuz. Joan den abenduan baina osoko bilkurak lehenbizi eta Batzar Nagusiek ondoren hartutako erabakiarekin bat ez egitea erabaki zuen Diputazioak.
Permuta aurreratu planifikazioa egin ahal izateko
Gaurko prentsaurrekoan, Agurne Barruso alkateak hartu du hitza batutako alderdien izenean. Barrusoren hitzetan, "gehiengo baten iritzia ez dute kontuan hartu eta errespetu falta erakutsi dute gipuzkoarrekiko zein bergararrekiko, jende askoren bizkar hartutako erabakia izan delako". Esan bezala, hartutako erabakia aldatzeko gonbitea luzatu diote Diputazioari, permuta aurreratzeko. "Arrazoi ekonomikoak erabili dituzte atzeratzea justifikatzeko, baina alderdiaren interesak daude atzean. Gure ustetan, permutaren aldeko erabakia har daiteke lehenbizi eta beranduago inbertsioak egin. Azken baten, erabakia aurreratzeak planifikatzeko gaitasuna emango liguke".
UNEDeko Patronatoan ordezkaritza honela banatzen da: Diputazioak botoen %67 dauka, Kutxak %23 eta Bergarako Udalak %10. Urteetako liskarren ostean 2009ko abenduan Bergarako Errege Seminarioa UNED Patronatoaren esku utzi zuen Espainiako Gobernuko Hazienda Ministerioak. Bergarako EAJ permutaren kontra azaldu zen bere garaian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak