Bergarako Kultura aretoaren proiektu urbanistikoa definitzen hasiko dira urtarrilean

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko abe. 24a, 13:50

Bergaran etorkizunean eraiki nahi den erabilera askotako kultura aretoa definitzeko jarraipen batzordea deituko du urte hasieran Udalak. Hala jakinarazi dio GOIENAri Enara Minguez Kultura zinegotziak. Agintaldia amaitu aurretik, aretoa zelakoa izango den eta proiektu urbanistikoa zehaztuko dira.

"Pena da Amaia moduko areto bat Bergaran ez edukitzea. Bergaran sekulako maila daukagu". Horrelaxe, gazi-gozo, mintzatzen zen emakume talde bergararra joan zen abenduaren 11n, Olentzero&Co! musikala estreinatu berritan. Eta haiek bezala, asteburu hartan Amaia antzokira, aurrekoan Eibarko Coliseora edota abenduaren 30ean Donostiako Kursaalera hurbilduko diren ehunka bergarar.

Izan ere, denek, zale zein agintari, onartzen dute Bergarak gabezia handiak dituela kultura ekipamenduen aldetik, batez ere formatu handiko antzezlan edo musika ikuskizun klasikoetarako. Horietako asko, gainera, Bergaran bertan sortuak eta bergarar taldeek eskainiak: Udal Musika Bandaren edo Orkestra Sinfonikoaren emanaldiak, Miserableak, Oliver!, Seussen mundua edo Olentzero&Co! bera.

Areto barik

"Azkeneko 30 urteotan okerrera egin dugu. Desagertu egin dira Irala, Novedades, Mariaren Lagundia edota Seminarioko aretoak, eta San Pedro elizan ere ezin daitezke egin sasoi batean egiten ziren Gabonetako kontzertu handiak. Baina, ostera, tradizio handiko musika taldeek jarraitzen dute eta berriak sortu dira Musika Eskolari esker". Valen Moñuxen berbak dira. Bergarako orfeoiko kide da eta herritik bultzatu diren musikal gehienen buru. Joan zen martxoan, etorkizuneko erabilera askotako aretoa definitzeko Bergarako Udalak antolatu zituen batzarretan parte hartu zuenetako bat. Gaur egun Bergarak bi toki publiko ditu kultura eskaintzarako, Jam aretoa eta eliza batzuk alde batera lagata: Zabalotegi aretoa formatu txikiko kusika, antzerki edota zinema emanaldietarako (120 bat besaulkirekin) eta Udal pilotalekua.

Seminarioko auditorioa

Aurreko agintaldian, Bergarako Udal gobernuak bazuen auditoriorako proiektu bat. Iñaki Aspiazuk eta Xabier Ieregik egindakoa. Errege Mintegiko eliza 400 bat lagunendako auditorio bihurtzea proposatzen zen. Horretarako, kristalezko atabaka moduko bat sortzen zuen ondarea babesteko, eta kutxa handi berria atzealdean, jolastokirantz, eszenatokia izango zena. Proiektuak izan zuen 222.469 euroko aurrekontua; horri gehitu beste 26.000 euro aholkularitza teknikoagatik eta beste 6.565 elizaren erretaula desmuntatzeko. Auditorioa egitea 8 milioi euro kostatuko zela aurreikusi zen.
Baina auditorio hark gabezia handiak zituen, besteak beste, txiki geratzen zelako eta ondareari kalteak egiten zitzaizkiolako, herriko kulturgile gehienek aitortu dutenez. Oraingo gobernuak proiektua baztertu zuen eta proposatu zuen Migel Altuna zaharraren orubea, Seminarioaren jolastokiaren ondoan dagoena, etorkizuneko erabilera askotako aretoarendako. Izan ere, erdigunean egoteaz gain, aurki orube hori libre geratuko da Migel Altunak ikastetxe berria izango duelako Artabilan.

Rafa Amasorrain Bergarako EAJren bozeramailea ados dago Migel Altunaren kokapenarekin, baina zalantzan jartzen du horrelako proiektu bat egingarria izango den hurrengo urteetan, bizi dugun egoera ekonomikoa dela-eta.

Batzar irekiak

Hala, aurtengo martxoan batzarrak egin zituen Bergarako Udalak herriko kulturgile eta kultura kontsumitzaileekin. Batzar irekiak egin ziren hiru jardunalditan etorkizuneko erabilera askotako aretoa definitzeko. Ondorio hauetara iritsi ziren batzarren ostean: Bergarak beharko zuen 600-800 lagunendako lekua eta kamerinoak izango dituen erabilera askotariko antzokia –hori espazio nagusia– eta eragile kulturalek entseatzeko gelak, kontuan izanda jarduerak –musika, antzerkia, dantza...– eta tamaina handiko jarduerak direla, gainera –instrumentu handiak, abesbatza handiak, dantza akademia... Horretaz gain, Seminarioaren jolastokiaren azpian aparkalekuak ipintzea egoki ikusi zen. Batez beste 50 herritarrek hartu zuten batzar haietan.

Proiektu urbanistikoa

Bestalde, Bergarako Udalak konpromiso bat hartu zuen: agintaldia amaitu aurretik proiektu urbanistikoa amaituta edukitzea eta, bestetik, proiektu hori egiteko jarraipen batzordea deitzea. Bi konpromiso horiek berretsi dituzte oraingo astean Agurne Barruso alkateak, Goiena Telebistan, eta Enara Minguez Kultura zinegotziak. Azken honek esan du aurki egingo dutela jarraipen batzordea eratzeko deia eta proiektua idazteko zereginetan hasiko direla: "urte hasieran abian jarriko dugu etorkizuneko erabilera askotako antzokia diseinatzeko jarraipen batzordea". Minguezek zehaztu du dirua ez dela izango muga proiektua idazterakoan: "Bergararendako eta bergararron premietarako egokiena den erabilera askotako antzokia diseinatuko dugu". Rafa Amasorrainen (EAJ) ustez agintaldi amaiera honetan hartzen diren erabakiak ezin daitezke izan hurrengo agintaldietan etor daitezkeen agintariendako zama edo erabaki lotesle, "hurrengo datozenek erabakiko dute zer egin" dio.

Martxoan herritarrekin egin ziren batzar haietan, egoeraren diagnostikoa eta premien gaineko aurkezpena egin zuen Valen Moñux Bergarako Orfeoiko kide eta lanbidez aparejadorea denak. Haren ustez, ondoko erabilpen ezberdinak izan beharko lituzke etorkizuneko aretoak: musika emanaldi klasikoak, antzerkia, zinea, dantza, berbaldiak, erakusketak, rock emanaldiak, kultura taldeen entsegu aretoak, tailerrak…

120 besaulkitik 800era

Bestalde, Hego Euskal Herriko aretoen gaineko azterketa egin zuen. Antzokietako besaulkien arabera, 56 herriko zerrendan, Bergara agertzen zen 52. postuan, 120 besaulkirekin, Antzuola moduko herrien atzetik. Eta proposatzen zuen, biztanleriagatik, herriko kultura talde kopuruagatik eta tradiziogatik, 10. postu inguruan kokatzea, Tolosa, Eibar, Arrasate edo Elorrioren parean, 800 besaulkiko aretoarekin. Aurkezpenean, Bergarako etorkizuneko aretoak ze ezaugarri izan beharko lituzkeen ere aipatzen zuen Moñuxek. Aretoa bi solairukoa izatea proposatzen zuen eta ezinbestekoa ikusten zuen antzokia eraikitzea, hau da, antzerkia egiteko kutxa aintzat hartzea. Eta proposatzen zuen ezaugarri hauek izango zituen eszenatokia: 15 metroko ahoa, 12 metroko sakonera eta guztira 270 metro azaleran. Moñuxek proposatzen zuen aretoaren edukiera mugatu edo egokitzeko sistemak ere edukitzea aretoak, eta aztertzea eszenatokia rock kontzerturako erabiltzea. Azkenik, foto-muntai batzuk ere erakutsi zituen etorkizuneko erabilera askotako antzokia Migel Altunaren orubean irudikatzeko.

Agintaldi honetarako definituta geratuko da Bergarako erabilera askotako aretoa. Ikusiko da, ordea, aretoa noiz egongo den prest. Krisi denborak ez du erraztuko bergararren ametsa egi bihurtzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak