Liburuak dantzan ipini ditu Jardun elkarteak

Arritxu Barruso 2010ko aza. 21a, 17:58

Ganbaran edo apalategian gordetako liburuak kalera atera dituzte aste bukaeran Bergaran. Jardun Euskara Elkarteak euskarazko liburuen truke azoka egin du eta lehenengoa izateko  ezin hobeto joan da dena.

Jardun elkartekoek egubakoitzean 18:00etan zuten lehenengo hitzordua Bergarako San Martin plazan eta hamar minutu lehenago dagoeneko jendea azoka irekitzeko zain zegoen. "Oso ondo hasi dugu azoka. Herritarrengan interesa piztu dugu eta azoka zabaltzeko zain zegoen jendea, liburu interesgarrienak eraman ahal izateko", zihoen egubakoitz iluntzean Jarduneko Maitane Arizabaletak.


Liburuak kuxkuxeatzen zebiltzanenek gustura hartu zuten azoka: "Oso ideia ona iruditzen zait. Ganbaran liburu pila bat neuzkan hautsa hartzen. Jardunera eraman nituen orain dela aste batzuk eta orain beste batzuek irakurriko dituzte. Nik ere liburu berriak eramango ditut etxera. Oso ondo dago", kontatu zigun Marian Padillak.


Haur, gazte eta helduendako


Jardunen azokan denetariko liburuak aurkitu zitezkeen; gustu eta adin guztiendako. "Liburua ekartzen dutenean txartel bat ematen diegu eta bertan jartzen dugu haurrendako, gazteendako edo helduendako liburua den ekarri dutena. Trukean gero, adin tarte bereko liburua hartu beharko dute. Helduendako liburuak dira hasieran gehien mugitu direnak", azaldu zigun Arizabaletak. 
Herritarrek Jardun elkartera eramandako 300 libururekin ireki zuten egubakoitzean azoka, baina aste bukaeran bertan ere jendeak eraman ditu liburuak azokara. Beraz, liburu dezente ipini ditu dantzan Jardunek.


Datorren urtean gehiago


Lehenengo azokaren emaitza ikusita datorren urtean ere euskarazko liburuen truke azoka egongo dela azaldu dute Jardun elkartekoek. Trukearen filosofia zabaltzea eta herritarren parte-hartzea sustatzea ziren azokaren helburuk eta lortu dituzte. Beraz, dator urtean gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak