Askotariko krisien eta azpiegituren gaineko jardunaldiak gaur hasita

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko aza. 24a, 12:15

Gaztetxeak eta AHTren aurkako Bergarako taldeak Krisiak (energetikoa, ekonomikoa, ekologikoa...) eta azpiegiturak izenburuko jardunaldiak antolatu dituzte gaur hasi eta domekara bitartean.

Antolatzaileen esanetan: "Gaur egungo krisiak ikusirik (energetikoa, ekonomikoa, ekologikoa, baloreena...), hedabideetatik heltzen zaizkigun azaleko azalpenak baino, oinarrietarago jo nahiak" eroan dituzte jardunaldiok antolatzera. 

Batik bat jardunaldiok hitzaldi sorta baten eta dokumental emaldi baten oinarritzen dira. Hain justu ere, hilaren 24an  hasiko dira jardunaldiak. Pedro Prieto ingeniari, AERENeko (baliabide energetikoen ikerketarako elkartea) kide eta www.crisisenergetica.org atariko editoreak honako hitzaldia egingo du, 19:00etan, Aroztegi aretoan: Krisi energetikoa: petrolio merkearen ondoren zer? Hazkundearen mugak.

Bigarren hitzaldia izango da eguenean, hilaren 25ean, 19:30ean, gaztetxean. Hain justu, Mikel Alvarez AHTren aurkako asanbladako kideak Azpiegituren pilaketa Euskal Herrian: AHTa adibide gisa delako hitzaldia egingo du.

Solasaldia eta dokumentala

Egubakoitzean, hilaren 26an, solasaldia egongo da, 19:30ean, gaztetxean, Krisi ekologikoa eta krisi ekonomikoa: elkarrekintzak gai hartuta. Hilario Manzanedo biologo eta Bergarako AHTren aurkako taldeko kideak egingo du sarrera eta solasaldiaren asmoa da azaleratzen ari diren krisien arteko harreman eta elkarrekintzak ikuskatzen joatea eta jendeak duen pertzepzioak jasotzea gaia eta irtenbideei dagokienez.

Jardunaldiei amaiera emateko, domekan, hilak 28, 18:00etan, gaztetxean, Collapse dokumentala ikusteko aukera egongo da. AEBetako polizia bati –droga eta elikagaien sailekoa– egindako elkarrizketa da. Dokumentala bukatu eta gero, ikusitakoaren gaineko eztabaida egongo da bertaratutakoen artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak