"Aranzadiko ikasle ohien eguna ezin da falta 40. urtemugan"

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko aza. 11a, 14:33

Aranzadi Ikastolak 40 urte beteko ditu ekainaren 19an. Ospakizun sorta antolatzeko, guraso, ikasle eta langilez osatutako talde eragilea sortu dute. Hango kide da Mireia Gallastegi. Guraso izateaz gain, ikasle ohi ere bada, eta berak hartu du, hiru laguntzailerekin batera, ekitaldietako bat antoaltzeko ardura: ikasle ohien eguna, hain justu er.

Nondik sortu da bazkaria egiteko ideia?
Nola faltako da, bada, gure ikastolaren urtebetetzean, ikasle ohien egun bat? Ikastola bizi izan dugunok, zorionak opa nahi dizkiogu. Ezin zen horrelako ekintzarik falta. Talde eragileko lehenengotariko ideia izan zen bazkari bat egin behar genuela ikasle ohiekin.
Ezin da ikastolaren bizitza irudikatu eta imajinatu bertatik pasa diren ikasle horiek guztiak kontutan izan gabe. Nork eman dio bizitza ikastolari? Ikasleek, noski. Ezinbestekoa zen beraiekin ospatzeko aukera sortzea. 40 urtetan  zehar 5.000 ikasle baino gehiago izan ditu Aranzadik, oroitzapenez beteta gaude, beraz, eta eurekin konpartitu nahi ditugu, bai oroitzapen horiek, baita gaur egungo ikastolaren nondik norakoak ere, oraindik ere, hala nahi izanez gero, ikastola eurena ere badelako.
Zer egongo da egun horretan?
12:00etan elkartuko gara ikastolako jolastokian argazkia ateratzeko. Gero, Jarduneko trikitilariek lagunduta, poteatzera joango gara 14.30ak arte. Ordu horretan izango da bazkaria Udal pilotalekuan eta dantzaldia ere egongo da.
Txartelak salgai daude hilaren 22ra arte Arrano, Deportivo, Ariznoa eta Udal pilotalekuko tabernan, 30 eurotan (bazkaria, musika eta poteoa barne).
Urtemugaren baitan bestelako ekitaldirik antolatu duzue?
Bai. Urteurreneko logo lehiaketa egin dugu ikasleen artean eta azaroan erakusketa egingo dugu ikastolan. Argazki erakusketa ere egongo da, bizikleta eguna, artelan erakusketa...
Bergarako herria gonbidatu nahi dugu antolatuko ditugun ekintzetara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak