Patxi Ugalde Euskadiko txapeldun

Xabier Urtzelai 2010ko aza. 3a, 10:12

Joan den asteburuan egin zuten ur azkarretako Euskadiko Txapelketa, Frantziako Orthez herrian, eta bertan Patxi Ugalde bergararra nagusitu zen, kadete mailan. Bet-Busti taldetik joandako gainontzeko piraguistek ere lan aipagarria egin zuten.

Euskadiko ur azkarretako txapelketa uztailean egin behar zuten, Bidasoan, baina ur gutxi zegoelako proba atzeratzea erabaki zuten, eta Bergarako piraguistek asteburuan erakutsi dute gorputzaldi onean iritsi direla hitzordura. Beti-Bustik bost ordezkari izan zituen, eta guztien artean, azpimarratzekoa da Patxi Ugaldek [Holandan egin berri duten Dutch Open 2010 proban hamaikagarren izan zen] egindako lana, kadete mailan urrezko domina eskuratu zuen-eta.

Kategoria berean lehiatu ziren, baita ere, Beñat Lizarralde –laugarren–, eta Aritz Gimbert –zortzigarren. Gainontzeko ordezkariak ere ondo ibili ziren; Jokin Labaien eta Iñaki Usabiaga irekiera kategorian bosgarren sailkatu ziren. Hala, txapelketa honekin Bergarako gazteek amaitu dute piraguismo denboraldia.

Klubak 25 urte

Txapelketa ofizialak amaitu badituzte ere, Bergarako piraguismo klubaren 25. urteurrena dela-eta, Gabonetarako hainbat ekitaldi prestatuko dituzte. Besteak beste, Bergarako piraguismoko erretratu zaharrak batzeko lanetan dabiltza klubeko ordezkariak, eta herritarren laguntza eskatu dute; foto zaharrak dituztenek jar daitezela kontaktuan Beti-Bustiko lagunekin (info@beti-busti.org).

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak