Atez ateko zabor bilketa sistemarekin kaleko edukiontziak desagertu eta hondakinak modu sailkatuan bilduko lirateke etxebizitzetako atarietan bertan. Horretarako, hondakin mota bakoitza biltzeko ordutegi eta egun zehatzak ezarriko lirateke udalerri bakoitzean. Jordi Colomer: "Zaborrarekin dugun harremana aldatzen da; zaborra botatzeko dugun
ontzi magikoa ahaztu beharko dugu, eta zabor asko sortzen dugula jabetu. Horregatik, zaborra birziklatzea sustatzeko atez ateko sistema jarraitzea litzateke egokiena".
Usurbilen aitzindari
Aste Berdearen baitan atzo Bergaran emandako hitzaldian, Colomerrek atez ateko sistemaren gaineko azalpenak eman zituen, baita Gipuzkoan sistema hori ezarri duten udalerrietan lortutako emaitzen berri ere: Usurbilen, esaterako, hondakinak modu selektiboan batzea lortu dute %80an.
Colomerren esanetan, atez ateko zabor bilketak hainbat onura dakartza: "Material asko berreskuratu ahal da sistema horrekin; diru asko aurreztuko litzateke ere udalerri mailan, baita ingurumen kudeaketan ere".
"Osasunari dagokionean, berriz, zabor kopurua eta material organikoen pilaketa gutxituz, zabortegietako eta erraustegietako sustantzia toxikoak ekidin ditzakegu."
Gurean ezarri edo ez erabaki behar
Mankomunitatearen enkarguz, Colomerrek Debagoienean atez-ateko bilketa sistema ezartzearen bideragarritasuna aztertu du. Ekonomikoki errentagarria eta, esan duenez, onurak besterik ez dituen sistema da.
Naiara Corcuera bergarako ingurumen teknikariaren esanetan, hurrengo urratsa litzateke, beraz, gurean ezarri edo ez erabaki, eta sistema bera ibarreko udalerrien ezaugarri eta beharretara egokitzea. Horrez gain, hori bai, herritarren parte-hartzea ere sustatu beharko litzateke.