Gaur egun udal banaketa saretik hornitzen da Boluko auzoa eta ura etxebizitza altuetara iristeko motoponpak erabili behar izaten dituzte bizilagunek uraren presio txikiarengatik. Ur biltegiarekin ez da motoponpen beharrik izango eta uraren hornidura zuzenean biltegitik egingo da. Ur-biltegia eraikitzeko lanak erabat bukatuta dauden arren, ez dute martxan jarriko etxerainoko loturak aldatu arte.
Lanon aurrekontua 781.000 eurokoa izan da eta Ur Partzuergoak eta Aldundiak ordaindu dute %50era.
Kolektoreko lanak bukatuta
Bergarako ur zikinak batuko dituen kolektorea jartzeko lanak ere bukatu dituzte. Kolektore sare osoak 13.230 metroko luzera du eta guztira 17.774.000 euroko aurrekontua (Aldundiak eta Ur Partzuergoak erdibana ordaindu dituzte). Lanok hiru fasetan egin dituzte: lehenengo fasean Mekolalde-San Lorentzo industrialdea tartea eta Osintxuko adarra egin zuten; bigarrenean, San Lorentzo industrialdea-Bideberri tartea eta San Juango adarra egin zuten eta hirugarrenean, Bideberri-Ibarra tartea egin dute.