1.300 lagunek hartu dute tokia San Martzialen bazkaltzeko

Oihana Elorza Gorostiza 2006ko eka. 30a, 15:18
Euskal Herriak Bere Eskola taldea arduratuko da kantinaz domekan eta txosnan Presoen Lagunak taldekoek egingo dute lana.

Domekan da San Martzial eguna eta 1.300 lagun baino gehiagorendako mahaiak eta aulkiak hartu dituzte herritarrek kultura etxean. Domekan, hala ere, jende gehiago elkartuko da San Martzialen. Bazkaltzeko hartutako mahai eta aulki horiek bihar, zapatua, hartu behar dituzte kantinaren ondotik 17:00etatik 20:00etara. Entregatu ere toki horretantxe entregatu behar dira, domekan, arratsaldeko erromeria bukatu ondoren, 19:00etatik 21:00etara. Entregatzerakoan, eskaera orria aurkeztu behar dute, han seilua botako diete orrian eta horrekin, emandako fidantza berreskuratu ahal izango dute. Fidantza jasotzera, kultura etxera joan behar da datorren astelehenetik egubakoitzera, 17:00etatik 20:00etara bitartean.

Lau talde tabernetarako

Aurten herriko lau taldek eman dute izena San Martzialeko kantinan eta txosnan lana egiteko. Talde bat berehala utzi zuten kanpoan, duela bi urte kantinaz arduratu zelako eta baldintza batek ez dielako lana errepikatzen uzten azken bi urtetan ardura izan duten taldeei. Beste hiru taldeen artean zozketa egin zuten: Euskal Herriak Bere Eskola taldekoak egongo dira kantinan eta Presoen Lagunak, txosnan.

Urik ez botatzeko deia

Aurten ere autobus zerbitzua egongo da San Martzialera joateko. Bestalde, jatekoa daramaten ibilgailuak sartu ahal izango dira bakarrik zelaira eta eramandako materiala utzi ondoren, ibilgailua kendu egin beharko dute. Jaitsieran, urik ez botatzeko eskatu dute, musika tresnak ez hondatzeko; errepidea itxita egongo da une horretan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak