Txotxongilo Mostrako antolatzaileak: "Oso erantzun ona izan dute mostrako ekitaldi guztiek, oso pozik gaude"

A.G. 2006ko eka. 19a, 10:21
Bi urtean behin izaten da Bergaran Helduentzako Nazioarteko Txotxongilo Mostra. Aurten, Pol-Pol tabernan, Munibe plazan eta gaztetxean izan dira saioak eta guztiek izan dute harrera ona.

Aroztegi aretoan, berriz, erakusketa izan da egun hauetan zehar, eta jende mordoxka hurbildu da Stopmotion, Cine y Marionetas izeneko erakusketara. Han, txotxongiloen antzerkian ohikoak diren material eta teknikak ezagutzeko aukera izan zen. Erremintak, filmazioen argazkiak, maketak, txotxongiloak... egon dira ikusgai aretoan.

Aurten ere Taun Taun taldeak jardun du mostra antolatzen, Udalaren laguntzarekin batera, eta oso pozik daudela izandako erantzunarekin adierazi digute. "Saioak oso desberdinak izan dira, nork bere berezitasuna izan du eta esan dezakegu guztiek izan dutela oso erantzun ona. Gainera, eguraldiak lagundu egin du kalean egin diren ekitaldi guztietan". Gaztetxean izandako ekitaldiak nabarmendu dituzke antolatzaileek: "Jendea oso gustura irten zen saioetatik eta bete-bete egin zen lokala, gainera. Antolaketa aldetik ere ez dugu arazorik izan, eta, beraz, egun hauen inguruko balorazioa guztiz positiboa da", esan digu Itsaso Azkaratek, Taun Tauneko kideak.

Adin guztietarako ikuskizunak

Aurtengo egitarauan ere denetik egon da eta adin guztietarako, gainera. Egubakoitz gauean Valeria Guglietti argentinarrak gaztetxean egindako emanaldian, argiak eta itzalak eragindako kontraste soilarekin han batutakoak harrituta utzi zituen. Eskuak erabiliz animaliak eta hainbat pertsonaia desberdin irudikatu zituen.

Zapatu gauean gaztetxean Paella saiora ere jende ugari joan zen. Roman & Cia madrildar hirukoteak gutxieneko elementuekin eraikitako zortzi pantomima aurkeztu zituen. Goma-aparrez egindako panpinekin barre ugari egin zuen jendeak. Jarritako musika oso egokia izan zen eta saioak ulertzeko lagundu zuen.

Haurrentzat ere izan zen

Haurrek ere izan zuten non disfrutatu. Zapatu goizean Munibe plazan Euskal Herriko Kukubiltxo taldeak eskaini zuen saiora haur ugari hurbildu ziren. Kukubel artzain gazteak txirula magikoarekin musika entzuten zuen oro dantzan jartzen zuen. Istorioa aurrera joan ahala haur batzuk beldurtu egin ziren bertan agertutako herensugearekin, baina gehienek oso ondo pasatu zutela aitortu zuten. Igandean ere erraldoien familiarekin gustura ibili ziren txikienak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak