Emagin zerbitzua edukitzea eskatzen dute

Oihana Elorza Gorostiza 2006ko mai. 19a, 13:19
Ordezko emagina ekartzeko sinadurak batuko dituzte astelehenean; anbulatorioak dio zerbitzua ematen dela, ez dela emaginik falta

Bergarako hainbat emakumek anbulatorioko emagin zerbitzua betetzeko eskatzen dute. "Hemen dugun emaginak baja hartu du eta ez dute ordezkorik jarri. Astean behin etortzen da orain Oñatiko emagina, kasu "larriak" bakarrik hartzen ditu baina, nork baloratu behar du zein den kasu larria eta zein ez? telefonoa hartzen duenak?", dio Mireia Gantxegi bergararrak."Emagina ez da bakarrik haurdun dauden edo umea izan duten emakumeak zaintzen dituena, emakumearen espezialista da eta herriko emakume guztiok gaude orain zerbitzu horren faltan, egunero izan behar genukeelako emagin zerbitzua", jarraitzen du. Iñaki Urgoitia anbulatorioko zuzendariaren esanetan, ordea, hori ez da horrela. "Hemengo emagina bajan dago baina beste bi etortzen dira astean hirutan zerbitzu hori ematera. Beraz, emagin kontsulta, zerbitzua, badago", dio.

Emaginik ez

Bergarako emakumeek emagina bajan dagoen bitartean bere ordezkoa jartzea eskatzen dute. "Azken bederatzi urtetan, behintzat, ez dute ordezkorik ekarri emaginak baja edo oporrak hartu dituenean. Gu ez gaude bere aurka, bajak eta oporrak hartzeko eskubidea du beste edozein langilek bezala; guk zerbitzua normaltasunez, egunero, izatea eskatzen dugu, beste edozein espezialista zerbitzu bezala", dio Mireia Gantxegik.

Anbulatorioko zuzendariak dio emagin zerbitzua betetzeko eskatu duten bakoitzean, "emaginik ez dagoela erantzun digute beti. Orain ere, zerbitzu hori ahalik eta ondoen betetzen ahalegindu gara, ez dago egunero, baina bai astean hirutan".

Bitartean, Arrasatera

Ordezko emaginik jartzen ez duten bitartean, Arrasatera joan behar dutela diote emakumeek. "Bergaran anbulatorioa egonda, ez dugu zertan Arrasatera joan behar, hemen jarri behar digute zerbitzu hori", dio Jone Santosek. "Umea izan dugunoi gimnasiarik ez dugula ere hamabost minutu lehenago abisatu digute, eta hori ez da serioa. Gela hor dago erabiltzeko, bai, baina zerbitzua eskasa da", gaineratu du Mireiak.

Sinadurak batzen

Emagin zerbitzua egunero egoteko, sinadurak batuko dituzte astelehenean: San Martin ikastetxean egun osoz eta herriko plazan 12:30ean eta 17:00etan. Batutako sinadurak anbulatorioan aurkeztuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak