Eskribautzen dokumentazioa bueltatuko zaie Eibar, Mutriku eta Soraluzeko udalei

EduMendibil 2006ko mai. 18a, 20:13
Bergarako Udalak hitzarmena sinatuko du Eibar, Arrasate eta Mutrikuko udalekin, aipatutako udalei eskribautzen dokumentazioa bueltatzeko. Dokumentazioa 1512 eta 1866 urte bitartekoa da eta Bergarako Udalaren esku zegoen.

XIX. mendera arte, eskribauak fede publikoa ematen zutenak ziren; eurek baimendutako agiriak balio juridikoa zeukaten. Orain bueltatuko den dokumentazioa udal agiriek osatzen dute.

Udal Artxibora nola iritsi ziren ez dago argi. Udal Artxiboa Epaitegian egon zen urte batzuetan eta 1981ean Epaitegitik Errekalde jauregira eraman zuten. Leku aldatze hori egiterakoan baliteke Eibar, Soraluze eta Mutrikuko eskribautzen agiriak ere eramatea. 1995ean dokumentazioa berriz aldatu zuten lekuz, Errekaldetik udaletxera.

Udalak, elkarlanean

Dena dela, argi egon da beti eskribautzen dokumentazioa ez zela Bergarako Udalak sortutakoa. Lau udaletako ordezkariak gaiari irtenbidea emateko elkartu izan dira azken hilabeteotan. Bergarako Udalak eta Jaurlaritzako Kultura sailak hitzarmena sinatu zuten, dokumentazioa identifikatu eta inbentarioa egiteko. Hain zuzen ere, inbentario hori erabili dute oinarritzat bakoitzari zer dagokion jakiteko.

6.403 espediente

Guztira, Eibarko Udalari 3.477 espediente bueltatuko zaizkio (1537-1866 bitartekoak); Soraluzeri 1.499 espediente dagozkio (1539-1849) eta Mutrikuri 1.427 (1512-1862 urte bitartekoak). Ikerketarako material ugari dago agiriotan, toponimia, lan arloa edo tokiko historiakoak tartean.

Hitzarmena eguaztenean, hilaren 24an, sinatuko dute udaletako ordezkariek, Bergarako udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 12:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak