Bergara Hiria lehenengo moto-kros txapelketa da aurtengo Pazko jaietako berrikuntzetako bat. Ekainaren 3an egingo dute, zapatua, Eginoko zelaietan, Candy lantegiaren ondoan. Jaiak bezperan hasiko dira, ekainaren 2an, Bitorianatxoren igoerarekin. Eta lehendabiziko egunerako, Markeliñe antzerki taldeko lan bat ekarriko dute plazara, musika taldearen ordez. Eta horixe da beste berrikuntzetako bat, aurtengo jaietako egitarauan antzezlan asko egingo dituztela, egunez batez ere.
Aurrekontua, 130.000 euro
Umeekin eta umeen gurasoekin pentsatuz, bazkal osteko orduak betetzeko hartu dute erabaki hori. Baina antzerkiaz gain, elkarteen arteko bakailao lehiaketa, sokamuturra, xake lehiaketa, euskal dantzen erakustaldia, musika kontzertuak, pilota partidak, miss eta mister jator lehiaketa eta umeendako jolas parkea ere badaude aurtengo egitarauan, besteak beste. Ekitaldiak, lau gune nagusitan egingo dituzte: Bideberrin, Munibe plazan, Espoloian eta San Martin plazan. 130.000 eurotako aurrekontua dute jaiek.
Koadrilen eguna
Aurten ere astelehena da koadrilen eguna. Joan den urteko arrakasta ikusita, 400 txartel jarriko dituzte salgai herri bazkarirako, iaz baino 100 gehiago. Bazkaria eginda ekarriko dute aurten eta menua aukeratzen ari dira egun hauetan. Koadrilen arteko jokoak ere egingo dituzte aurten ere plazan.
Barrakak, merkeago
Martitzena umeen eguna izango da. Jolas parkea eta herri trena izango dute goizean eta arratsaldean eta baita, besteak beste, gaztetxoendako dantzaldia ere Muniben iluntzean. Ekainaren 5ean, 11:00etatik 15:00etara eta ekainaren 7an egun osoz, merkeago izango dira barrakak: euro bat bi bidaiak.
Bederatzi talde txosnetan
Bederatzi taldek osatzen dute aurtengo txosnen batzordea. Karpa handi bat eta txosna bat jarriko dituzte Bideberrin eta beste txosna bat plazan. Egitarau propio bat antolatuko dute txosna gunerako eta ekitaldiak lotzen ari dira egun hauetan. Udal egitaraua, bestalde, inprentan dago eta jaien bezperan banatuko dute, maiatzeko azken astean. 6.000 ale banatuko dituzte etxez etxe.