Hiru udal eraikinen energia kontsumoa aztertuko du Energiaren Erakundeak

Oihana Elorza Gorostiza 2006ko mai. 5a, 17:17
Mizpirualdeko, kiroldegiko eta udaletxeko argi eta gas kontsumoa aztertuko dute, gutxitzeko. Europako proiektu baten sartzen da esperientzia eta Gipuzkoako herri bakarra da Bergara.

Bergarako hiru udal eraikinen energia kontsumoaren jarraipena egingo du Energiaren Euskal Erakundeak. Mizpirualde zaharren egoitza, kiroldegia eta udaletxea dira hiru eraikinak eta horietan kontsumitzen den argia eta gasa kontrolatuko du epe batez aipatutako erakundeak. Energia arrazoiz kontsumitzea da helburua.

EnerIn Town izeneko proiektu europar bat da hori eta Euskal Autonomia Erkidegoan lau herritan aplikatuko dute: Bizkaiko bitan, Arabako baten eta Gipuzkoako beste baten, Bergaran.

EEE eta udalaren akordioa

Energiaren Euskal Erakundearekin batera burutuko dute proiektua. Bergarako udalak eta Energiaren Euskal Erakundeak sinatu dute dagoeneko akordioa eta helburua da energia zentsuz, arrazoiz, kontsumitzea. Horretarako, kontrolatu eta aztertu egingo dute lehenengo hiru eraikin horien argi eta gas erabilera eta gero, kontsumoa nola gutxitu ikusiko dute, eta beharra ikusiz gero, energia gutxiago kontsumitzeko bideak hartuko dituzte elkarrekin.

Internet bidez datuak

Igor Oiarbide Bergarako udaleko ingurugiro zinegotziak esan digun moduan, "kontsumoaren datuak jasotzeko, bi kontadore digital jarriko dituzte aipatu erakinetan, bat argi kontsumoarendako eta bestea gas kontsumoarendako . Aparailu horiek, minutu oro jakingo dute zenbat energia ari den kontsumitzen eraikin bakoitza eta datu horiek Energiaren Euskal Erakundera bidaliko dituzte zuzenean, internet bidez". "Kontadoreez gain, software-ak ere jarriko dituzte eta horiek egingo dituzten grafikoetan ere agertuko dira kontsumoaren gorabeherak", jarraitu du Oiarbidek. Oraindik zehaztu ez duten epe jakin batez egingo dute energiaren kontrol hori. Epea pasa ostean, "datuak aztertuko ditugu eta plan bat jarriko dugu martxan energiaren arrazoizko erabilera bultzatzeko", zehaztu du Igor Oiarbidek.

Energia kudeatzailea

Europar proiektu horren azpiegituraren gastuak Energiaren Euskal Erakundeak ordainduko ditu Oiarbideren esanetan. Udalak, bere aldetik, proiektua aurrera eramateko konpromisoa hartu du. Horrekin batera, energia kudeatzaile bat jarriko du proiektuarekin lana egiteko. Kudeatzaile horrek 20 orduko ikastaroa egingo du, azpiegiturak ezagutzeko eta datuen bilketa nola jarraitu eta zaindu ikasteko.

Energia berriztagarrien alde

Bergarako Udalak eta Energiaren Euskal Erakundeak beste akordio batzuk ere sinatu dituzte energiari lotuta: eraikin batzuetan eguzki plakak jartzeko hitzarmena eta gaueko argi kontsumoa aztertzea, adibidez. Energia berriztagarriekin kontzientzia handia duelako aukeratu du Energiaren Euskal Erakundeak Bergara proiektu hau aurrera eramateko. 2010 urterako, energia eskaeraren %12a, gutxienez, energia berriztagarriek eskaintzea da erakundeen helburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak