Ertzaintzaren parean egiten ari diren etxebizitza berrien artean edo seminarioan jarri gura zuten zezen-plaza Zenzenzaleak taldekoek, baina Udalak ezetz erantzun die, lehen tokia arriskutsua delako eta bigarrena ez delako Udalarena eta, gainera, aparkaleku gisa erabili gura dutelako Mendekoste jaietan.
Zezenzaleak taldekoak haserre daude Udalaren jarrerarekin, batez ere "Kultura batzordea ados zegoelako zezen ikuskizunekin eta antolatzen hasteko esan zigutelako", dio Iñigo Almortzak. "Baldintza bakarra zen zezenketarik ez egitea, animaliarik ez hiltzea. Guk onartu egin genuen hori eta 22 lagun zetozen Kubatik errekortadoreak, poney-ak, rodeoa eta antzerako ikuskizunak eskaintzera", dio Almortzak. "Iaz ere berdina gertatu zitzaigun eta datorren urterako ez dugu ezer antolatuko, guk ez dugu inoiz ezer gehiago proposatuko, ez digute gero kasurik egiten eta", jarraitu du.
Leku falta da arazoa
Victoriano Gallastegi alkateak esan du zezen-plaza jartzeko lekurik ez dagoela Bergaran. "Euren proposamena lur zoru pribatuan jartzea zen eta jabeek ezetz esan dute. Zezen-plaza jartzeko toki asko behar da eta ez dago behar besteko udal lurrik".