Istripuen simulazioak egingo ditu Arcelorrek segurtasunagatik

Oihana Elorza Gorostiza 2006ko mar. 29a, 17:54
Arcelorren munduko 700 enpresetan egin dituzte batera segurtasunari buruzko jardunaldiak. Udazkena arte ez dute jakingo Mittal Steel enpresaren eskaintzak langileei zer ondorio ekarriko dien.

Osasunari eta segurtasunari buruzko jardunaldiak antolatu ditu Arcelor enpresak gaurko, martxoaren 29rako. Arcelorrek mundu guztian zehar dituen 700 enpresetarako antolatu dituzte jardunaldiak eta guztietan egin dituzte batera, baita Bergaran ere.

Enpresa barruan osasunak eta segurtasunak duen garrantzia azpimarratu gura izan dute jardunaldi horietan, batetik. Bestetik, lan istripu batek duen erantzukizun zibilari eta ekonomikoari buruz ere jardun dute. Hainbat adituk hitz egin dute gai horien inguruan. Baita Bergarako Arcelor enpresako gerente Juan Carlos Berraondok eta langileen komiteko Iñaki Arregik, besteak beste.

Lan istripuen simulazioak

"Segurtasunak lehentasuna izan behar du eguneroko lanean", dio Iñaki Arregik, "horretan denok gaude ados, bai langileok baita enpresa buruek ere". "Askotan enpresari botatzen diogu errua lan istripu bat gertatzen denean, baina langilearen arduragabekeriagatik ere gertatzen dira eta hori ez gertatzeko, beharrezkoak dira bai babesak bai portaera egokiak ere", zehaztu du Arregik. Segurtasuna bermatu gura dute enpresa barruan eta jardunaldi hauez gain, beste ekintza batzuk ere egin dituzte, lan istripuen simulazioak, adibidez. "Lantegi barruan gertatu daitekeen istripu baten simulazioa egingo dugu eta baita sute batena ere; suhiltzaileekin ere hitz egin dugu, benetako simulazio bat egin gura dugu", azaldu du Iñaki Arregik.

Mittal steelen opa

Iñaki Arregik kontatu digunez, Mittal Steelen eskaintza, "proiektua da oraindik, baina laster izango da errealitatea. Momentuz gauzak lehen bezala daude eta udazkena arte ez dela berririk egongo uste dut". Etorkizunari buruz galdetuta berriz, ezer gutxi dakitela erantzun digu. "Arcelor ezagutzen dugu eta agian ez zaigu gehiegi gustatzen, baina Mittal Steel oso arrotza da guretako, inoiz imajinatu ez dugun plangintza dute enpresa handi horiek".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak