Sahararen alde jaialdi polita egin zuten Bergaran

A.G. 2006ko ots. 27a, 09:20
Bergarako Labegaraietako kiroldegia Saharako kanpamentu bihurtu zen zapatuan, Bubisher elkartearen eskutik.

Saharan kanpamentuak eraiki zirela 30 urte bete dira gaur, otsailak 27, eta horixe gogoratzeko eta behingoz herri horren independentzia eskatzeko, jaialdia egin zuten Bergaran.

Bibi Andueza Bubisher talde antolatzaileko kideak adierazi zuenez, "Nazio Batuei eta Europako gobernuei adierazi behar zaie badela ordua aurpegia garbitzen aritu ostean postura argia hartu eta konpromisoa hartzeko. Eta Espainiako Gobernuari eskatu bere ardurak ez lagatzeko alde batera, hura baita Saharako herriaren sufrimenduaren arduraduna". Horrelako mezuak entzun ziren jaialdian zehar antolatzaileen aldetik, bai eta Gasteiz, Getxo, Leioa, Laudio eta Amurriotik etorri ziren sahararren aldetik ere.

Eskariak

"Gure lanaren ordainaz libre izan dadin Sahara" abestu zuen Eñaut Uriarte bergararrak ekitaldi politikoaren amaieran. Ildo beretik, Fronte Polisarioko ordezkari Mohamed Mamun A. Brahimek "gure kausarekiko elkartasuna da behar duguna", adierazi zuen. Sidi Mohamed Balla preso politikoak bidalitako gutuna ere irakurri zuten: "Marokoko erregeari presoak askatzeko eskatu nahi nioke eta eskerrak eman gure intifadaren alde egin zutenei", zioen gutunean.

Urteurreneko eguna dela-eta, kontzentrazioa deitu dute gaurko 19:30ean Euskal Herriko herri guztietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak