Paulo Elkorori ongietorria egin diote herritarrek

A.G. 2006ko urt. 23a, 13:58
Hiru urte egin ditu preso Espainiako hiru espetxetan Paulo Elkoro bergararrak. Domekan egin zioten ongietorria, herriko plazan.

Euskal presoak etxera zioen pankartatxoa erakusten iritsi zen Paulo Elkoro bere herriko plazara. Txalo artean egin zioten ongietorria plazara elkartu zirenek. Lehenengo berbak oraindik kartzelan dirauten Bergarako zazpi presoei eta herriko bost iheslariei zuzendu zizkien. Haien senitartekoek krabelin bana oparitu zioten Paulori eta berak bueltan oparitu zizkien eurei "azkeneko hiru urteetan jaso ditudan lorerik ederrenak diren arren, barruan nintzen bitartean izan ditudan bisitak eta jasota ditudan eskutitzak ederragoak dira eta horregatik zuei itzuli nahi dizkizuet lore hauek". Hori esanda, senide bakoitzari lore bana eman zien Paulok eta bi gorde zituen "azkeneko urtetan dezente sufrituko zuten nire gurasoendako". Aitari eta amari eman zizkien, txalo zaparrada beroen artean lore bana, Jose Luis Elkorori eta Maria Karmen Aiastuiri.

Lagunen aurresku eta opariak

Askatasuna, Segi, Etxerat, Karmen preso antzuolarra, Txapa Irratia eta koadrilaren opari bana jaso zituen Paulok; koadrilakoak gainera, bera herritik kanpo izan den denboran jaio diren umeekin. Omenaldiaren hasieran Paulori bezala, ekitaldira hurbildu zirenei irribarrea eragin zien aurreskua eskaini zioten lagunek. Hiru hilabetez entseatzen ibili ostean, plazara atera ziren hamaika aurreskulariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak