Seminarioko jolaslekua erosi nahi du Bergarako Udalak eta garajeak egin

A.G. 2005ko aza. 7a, 09:28
Ezohiko osoko bilkura egingo dute gaur, astelehena, Ogasun Ministerioari erosi nahi dioten Seminarioko jolaslekuaren gaiaren harira.

Errege Seminarioko jolaslekua erosi nahi du Bergarako Udalak. Estatuko Ekonomia eta Ogasun Ministerioa da haren jabe eta erosketarako akordiora iritsi dira. Hori horrela, ezohiko osoko bilkura deitu du Udalak gaur, 19:00etan, udalbatzak erosketa onar dezan.

Jolas-parkeak 4.822 metro koadroko azalera du eta Udalak 741.000 euro ordaindu beharko dizkio Ekonomia eta Ogasun Ministerioari: 235.456 euro dirutan ordainduko dizkio eta gainerakoa, hau da, 505.543 euro, jolaslekuaren azpian eraikiko dituzten 24 garaje emanda. Izan ere, Udalak 235.456 euroko kopuruarekin igorri zion jolaslekuaren balorazio txostena Ministerioari. Balorazio txosten horri erantzunez, 741.000 euroko beste bat jaso zuen bueltan Ministeriotik. Hori horrela, 235.456 euro dirutan eta gainerakoa garajeetan ordaintzea adostu dute.

Aparkalekuak jolaslekuaren azpian

Jolaslekuaren azpian egingo dituzten aparkalekuei dagokienez, publikoak izango dira, baina oraindik zehazteke dago, Udaleko iturrien esanetan, zenbat solairuko aparkalekua izango den, zenbat autorendako lekua izango duen, nola funtzionatuko duen...

Jakinekoa den gauza bakarra da –erosketa hala adostu dutelako– Estatuari emango dizkion 24 garajeak lehen solairuan egongo direla, eta publikoetatik aparte, eremu itxi batean.

Eraikina ere estatuarena

Seminarioa ere Estatuarena da. Gaur egun UNED zentroa eta Aranzadi ikastola daude han, besteak beste. Denbora da Udalak eskuratu nahi duela eta badirudi denbora gutxi falta dela Ogasun Ministerioak eraikina UNEDeko patronatuari –Udalak, Kutxak, UNEDek eta Diputazioak osatzen dute– emateko. UNEDeko zuzendari Alvarezek egubakoitzean egindako agerraldian esan zuen: "Katearen azken maila baino ez da falta".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak