Sasiain Bergaratik ihes egin beharrean aurkitu zen 1998an, 2002an atxilotu eta espetxeratu zutelarik. Hain zuzen ere, astelehenean, urriaren 3an, beteko du kartzela zigorra Frantzian, Normandian, Val de Reuil espetxean. Udalbatzak onartutako testuan Sasiainen askatasuna eskatzen dute, "bere zigorra bete du eta espainiar estatura estraditatua ez izatea eskatzen dugu, izan ere tortura eta tratu txarren arriskua hor dago". Era berean, bere eskubideak errespetatzea eta Sasiain eta beste bergarar preso eta iheslarien Euskal Herriratzea eskatzen dute. Azkenik, "ezinbesteko eragile politikoak diren heinean, euskal presoek bake prozesuan parte hartzea" eskatzen dute.
Manifestazioa astelehenean
Bergara Aurrera eta Etxerateko kideak pozik azaldu ziren mozioa onartzeagatik. Hala ere, Mikel Egurenek zera adierazi zuen: "Onartzeaz gain, ea betetzen den mozioan jasotakoa. Iazko uztailean Sasiain gose greban egon zenean elkartasuna adierazteko mozioa onartu zen, baina ez dakigu han jasotako guztia betetzeko ahaleginak egin ziren". Alkateak gestio guztiak egin zirela eta onartutakoa martxan jarri behar dela erantzun zion.
Astean zehar elkarretaratzeak egin dituzte Etxeratekoek. Astelehenean, urriaren 3an, manifestazioa deitu dute San Martin plazan, 19:00etan.