Abendurako amaitu nahi dituzte Urteagako lanak

EduMendibil 2005ko mai. 30a, 15:10
Lau aste daramatzate Urteagako Eskusarte harrobian lanean. Eskusarten lerradurak izan ostean, 2003ko azarotik itxita dago Bergaratik Antzuolarako errepide zaharra. Avaya eta Geofisa enpresek dihardute mendi-mazelari eusteko lanetan.

Esan bezala, Avaya eta Geofisa enpresek egingo dute lanen lehenbiziko fasea. Trenbide-plataforma zaharrari eustea dute helburu aipatutako lanek eta horretarako plataformaren azpian horma ainguratua jarriko dute. Lehen fasearen aurrekontua, 1,5 milioi eurokoa da. Geofisako iturrien arabera, lan konplikatua da Urteagan egin beharrekoa. Hogei bat lagunek dihardute egunotan han lanean.

Lau milioi euroko aurrekontua

Bigarren fasean, berriz, mazelaren beste zatiari eusteko lanak egingo dira. Diputazioak aditzera eman duenez, lan hori bereziki zaila da, lurraren egitura dela eta. Klimatologia ona ezinbestekoa izango dela aurreratu dute. Bigarren fasearen aurrekontua 2,5 miloi eurokoa da eta lanak oraindik adjudikatzeke daude. Urteagako lanak urte bukaerarako amaitzea da Diputazioaren asmoa.

Lerradurak beste aldean baita

Bestalde, Arregi aroztegiaren goialdean dagoen harrobian ere lerradurak gertatu dira. Ekialdeko saihesbidea egin zutenean, San Migelera joateko zegoen pista kendu zuten. Diputazioak pista berri bat egiteko lanei ekin zien, baina lerradurak gertatu dira azkenaldian. Arregi aroztegiaren pabiloiaren ondoan harri mordoa pilatu dira. Urteagako enpresak, handik irten behar izandako bizilagunak eta egunero Antzuolarako joan-etorria egin behar dutenak haserre daude, egin beharreko lanek atzerapen nabarmena izan dutelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak