Musika Astea gaurtik

EduMendibil 2005ko api. 18a, 17:35
Gaur astelehena hasita, Musika Astea ospatuko da Bergaran. Herriko hainbat tokitan emanaldiak izango dira aste osoan zehar, musika txoko guztietara zabaldu nahirik. Musika Eskolako ikasleak izango dira protagonista nagusiak.

Esan bezala, astelehenetik aurrera emanaldiak izango dira egunero. Musika herri osora zabaltzeko asmoarekin, emanaldiok Sierbetako elizan, Zabalotegiko aretoan, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, Espaloian edota Ospitaleko elizan izango dira. Martitzenean, hilaren 19an, Eibarko Usartza Txistu Taldeak emanaldia egingo du udaletxean, 19:00etan. Maria Jesus Ugaldek azpimarratu zuenez, "txistua uste baino ezezagunagoa da gure artean. Jeneralean txistuaren arlo bakarra ezagutzen dugu, eta Usartza talde profesionalaren eskutik arlo ezberdinak ezagutzeko aukera izango dugu, akordeoiarekin eta perkusioarekin lagunduta".

Opera gerturatzeko DVD emanaldia

Bestalde, opera gerturatzeko helburuarekin, eguaztenean, hilaren 20an, Bizet-en Carmen operaren DVD emanaldia izango da Miguel Altunako aretoan, 20:00etan.

Eguenean, berriz, Mariaren Lagundiko, Gabero eta Musika Eskolako abesbatzak emanaldia egingo dute Mariaren Lagundiko elizan, 19:00etan.

Musika Eskolako ikasleei zuzendutako emanaldi bereziak izango dira; irakasleen zein antolaketan lagundu duten guztiei zein irakasleen laguntza eskertu dute antolatzaileek. Rikardo Azkargorta margolaria izan da Musika Astea iragartzeko kartelaren egilea.

Herritarrei emanaldietara joateko gonbidapena zabaldu zieten antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak