Ernesto Caballero antzerkigileak gertatu eta zuzendutako Pakitarentzat bakarrik lana ikusiko dute gaur gauean Novedades aretora gerturatzen direnek. Emanaldia 22:30ean hasiko da eta ordubete inguru iraungo du.
Itziar Ituño izango da taula gainean agertuko den aktorea. Euskal antzezle onenari ematen zaion Jokulari saria jaso zuen 2001ean, eta Palabrismos lanarengatik Rosa Agirre saria 1995ean. Goenkale saioan ere ikusi dugu ertzainaren paperean.
Talde terapia batean ari den neska baten istorioa kontatzen du antzezlan horrek. Maitasun kontuak ez zaizkio ongi atera Pakitari eta gainera menpekotasun asko ditu, besteak beste kafe asko hartzea. Horien berri emango du berak jendearekin berba eginez.
Ispilu taldea
Bestalde, zapatuan, 19:30ean, Donostiako Zuloaga ikastetxeko helduen heziketa taldeko Ispilu antzerki talde amateurrak Juan Jose Alonso Millanen Damas, señoras, mujeres lana antzeztuko du Zabalotegi aretoan.
Orain dela gutxi izan ziren Bergaran talde horretako beste hainbat kide egile beraren beste obra batekin.
Beste zortzi emakumek Yolanda Guillen zuzendari bergararraren esanetara jardungo dute oraingoan.
Marbellan jet- set-eko jendea elkartzen den diskoteka batean gertatuko da antzezlaneko istorioa. Hainbat emakumek modu arraroan hil den euren senargai ohi baten heriotzaren kontura aberastu nahiko dute.
Beraz, bi antzerki emanaldi izango dituzte aukeran zaleek asteburuan.