Antzuolara joan ziren barazki eta fruta lehen sariak zapatuko azokan

Monika Belastegi Aranzabal 2004ko ira. 20a, 10:50
Azokan egiten duten fruta, barazki eta gazta lehiaketan 55 lagun inguruk hartu zuen parte. Erreileno eta tostoien kofradiak ohorezko kide izendatu zuen atzo Jesus Mari Ugalde zientzialaria

Porru, tomate, tipula, sagar... ortuko produktu ugari ikusi eta erosteko aukera egon zen zapatu goizean Bergaran. San Martin plazan fruta, barazki eta lore postuak jarri zituzten; Seminarioko jolaslekuan, berriz, gazta, ezti, sendabelar eta gozo postuak.

Guztira, 80 postu inguru izan ziren. 10:00ak aldera zabaldu zuten azoka eta ordurako txukun-txukun atonduta zeuden postu guztiak. Horixe da, hain justu, udal arduradunek azpimarratu duten gauzetako bat: “Baserritarrak ez dira mugatzen produktuak ekarri eta salgai jartzera, postua atondu ere egiten dute eta urtetik urtera politago egoten dira. Eta lan hori guztia euren kontura egiten dute”.

Baserritarrak pozik etortzen dira Bergarara, izan ere, asko saltzen dutela diote. Herri askotako azokatan ibiltzen dira eta Bergaratik beti joaten dira pozik, ekarritako ez guztia, baina bai gehiena, saltzen dutelako.

Lehen sariak, antzuolara

Lehiaketa ere izaten da San Martin jaietako azoka. Barazki eta fruta postu onenei eta gazta onenari eman zieten saria. Barazkietan lehen saria Antzuolako Lapatza baserriko Tomas Larrañagak jaso zuen; bigarrena, Martuteneko Olatxo etxeko Jose Manuel Zabalegik, eta hirugarrena, Anoetako Goiz-Eguzki baserriko Daniel Oiartzabalek. Frutei dagokienez, horretan ere lehen saria Antzuolara joan zen; Bidaurre baserriko Kontxita Izagirrek jaso zuen; bigarrena, Gernikako Sonia Isasik eta hirugarrena, Berrizko Errotaberri baserriko Miren Intxaurragak.

Hori guztia borobiltzeko, herriko harakinek emandako odolostea dastatzeko aukera egon zen plazan, eta Seminarioko jolaslekuan, berriz, taloak.

Ageriko pintura lehiaketa

Azokaz gain, beste hainbat ekitaldi ere izan dira asteburuan San Martin jaien barruan: besteak beste, 31. Ageriko Pintura lehiaketa izan zen atzo, domeka. 29 lagunek hartu zuten parte eta lehen saria Astrabuduako Miguel Arranzek jaso zuen.; bigarrena, Arrasateko Aitor Lajarinek, eta herriko margolari onenaren saria, azkenik, Unai Azkaratek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak