Zus Bernaerts, Belgikako bergararra

EduMendibil 2004ko ira. 16a, 13:32
Espainiako gerraren sasoian Belgikak emandako laguntza eskertuko diote Zus Bernaerts-i zapatuan, hilaren 18an, Altzasun. Haren lagunek omenaldi beroa prestatu diote, eta 50 bat lagun elkartuko dira bazkaltzeko.

Zus Bernaerts aski ezaguna da Bergaran, azken urteotan urtero etorri izan baita gure herrira. Espainiako gerraren denboran, bere aita, Emmanuel Bernaerts, Anberes hiriko alkatea zen. Besteak beste, Bernaerts jaunaren ekimena eta lana ezinbestekoak izan ziren Belgikako flamenkoen herrialdean gerrako umeak hartzeko.

Gerrako umeak

Espainiako Estatutik 5.000 ume inguru joan ziren Belgikara 1936. urtean, gerra piztu zenean. Bergaratik ere hainbat ume joan ziren, Mari Oianguren irakaslearen laguntzaz. Oianguren Emakume Abertzale Batza taldeko kidea zen eta espedizio hartan hartu zuen parte. Mari Oianguren 2000. urtean hil zen, 89 urte zituela. Orduko protagonista gehienak hil badira ere, gutxi batzuk bizirik daude. Esate baterako, umetan Belgikara joandako Miren Lizarralde zapatuko omenaldian izango da.

Urtero Bergarara bisita

Bernaerts familiak harreman oso estua izan zuen Mari Oiangurenekin. Belgikan hasitako harremana ez zuten inoiz eten. Zus Bernaerts lehen aldiz 1958. urtean, 12 urterekin, etorri zen Bergarara. Ordutik hona urtero etorri izan da. 1963. urteko San Martinetan Umore Ona elkarteko banderaria izan genuen eta egunotan jaietan murgiltzeko aukera izan du berriz ere.

Omenaldia zapatuan Altzasun

Lehenbiziko bisita hartatik hona lagun mordoa egin ditu Zusek Bergaran. Hori dela eta, omenaldia egingo diote zapatuan, hilaren 18an, Altzasu elkartean. 50 bat lagun elkartuko dira bazkaltzeko, 14:30ean. Bergarako Udalak plaka oroigarria emango dio, belgikarrek eta bere familiak Euskal Herritik joandako umeei emandako laguntza eskertzeko. Zus astelehena ezkero dago Bergaran, eta zera esan digu: “Bihotzez bergararra sentitzen naiz; ilusioz etorri naiz, lagunak ikusteko eta jaiekin gozatzeko”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak