Bergarako Gazte Informazio bulegoa eguen eta egubakoitzetan 16:00etatik 20:00etara eta zapatuetan 09:30etik 13:30era egoten da zabalik. Beraz, buletin honen bidez, euskarri berri batekin informazioa zabaltzeko dagoen hutsune hori betetzea da asmoa. Izan ere, informazioa edozein unetan eskuragarri izango da sarean.
Bestalde, berritasunaren erakusle ere bada buletin elektroniko hau. 1999an ireki zen Gazte Informazio Bulegoa eta hau bere ibilbidean pauso berri bat da.
Atalak
Buletin horretan hainbat atal izango dira. Lehenengo atalak Bergarako edo inguruko berriak, hitzorduak zein bestelako informazioak batuko ditu. Beraz, komenigarria da elkarteek Gazte Bulegora informazioa azkar bidaltzea eurek buletinean lehenbailehen ipini dezaten.
Bigarren atala Gipuzkoako informazioak osatuko du eta hau bulego nagusitik kudeatuko dute.
Bulegoko arduradun Maider Sedanok esan duenez, "gure asmoa buletina astero, zapatuetan, harpidedunei bidaltzea da".
Harpidetza
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zerbitzuaren web gunean egin daiteke harpidetza. Bertatik Gazte Informazioa izeneko atalera joan eta buletinaren harpidetza izeneko aukera dago. Bergara herria hautatu eta norberaren helbide elektronikoa idatzi beharko da. Ondoren mezu bat jasoko dute eskaera berresteko. Behin eskaera berretsita astero helbide horretan jasoko dute harpidedunek buletina.
Harpidetza egitean arazorik izanez gero, gazte bulegora ere joan daitezke interesatuek.