Eibar-Gasteiz autobideko bigarren zatia zabalduko dute eguenean, uztailaren 29an. Hain zuzen ere, Bergara iparra eta Bergara hegoa lotzen dituen zatia da eguenean inauguratuko dutena. Tarte horrek 4,4 kilometroko luzera dauka eta bi zubi bide ditu: Uberakoa (260 metroko luzera duena) eta Olakoa (640 m). Bestalde, tunel bakarra eraiki dute tarte horretan, San Martzialgo tunela, 1,4 kilometroko luzerarekin.
Joan den abenduaren 20an zabaldutako Eibar-Bergara tartean, berriz, hiru tunel dira, Gallastegikoa tartean, Euskal Autonomia Erkidegoko tunelik luzeena, 2,4 kilometrorekin. Hala ere, Arlabango tunela izango da autobideko luzeena etorkizunean, 3,4 kilometroko luzerarekin.
22 eguneko atzerapena
Bergara iparra eta hegoa lotzen dituen zatiak 76,53 milioi euroko (12.734 milioi pezeta) aurrekontua izan du. Hasiera baten, zati berri hori uztailaren 7an zabaltzekoa zen, baina eraikuntzako grebaren ondorioz, 22 eguneko atzerapenarekin irekiko dute. Besteak beste, Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Gipuzkoako diputatu nagusia izango da egueneko inaugurazio ekitaldian.
Maltzagatik Zaldumendira bitartean 11,6 km izango ditu oraingoz AP-1 autobideak. Ordainlekua Ipiñarrin jarri dute: autobideak eta Beasain-Durango errepideak bat egingo dute han.
Ordainlekua ipiñarrin
Beraz, Bergarako industrialdean, Telleriako biribilgunetik gora jarriko dute ordainlekua. Arrasatetik edo Antzuola aldetik datozen gidariak erakartzean, Ondartzako sarrera-irteeran, Bergara iparrean, hain zuzen, zirkulazioa txikitu egingo da.
Eibar-Bergara: 1,30 euro
Bergara hegoaldera bitarteko zatia martxan jartzean, honako hauek izango dira bidesariak: ibilgailu arinen kasuan, 1,30 euro ordaindu beharko dute Eibar eta Bergara hegoaldea bitarteko zatia egiteagatik; ibilgailu astunendako bidesaria, berriz, 2,25 euro izango da eta bigarren mailako ibilgailu astunek 2,55 euro ordaindu beharko dituzte.
Aurreikuspenen arabera, Bergara eta Arrasate arteko zatia 2005eko udaberrian zabalduko dute eta Arrasate eta Eskoriatza artekoa, berriz, 2007rako amaituta izango da. Urte horretan autobide osoa amaituta izango da.