Penaltietan eskuratu zuen A Ze Flaxak Ipintzako futbol txapelketa

SaioaIgartua 2004ko uzt. 19a, 11:17
Egubakoitzean bukatu zen Ipintzako futbol txapelketa. Behin beterano eta nesken mailetako irabazleak erabakita, egubakoitzean mutilen txanda iritsi zen. Finaleko partiduan, Bergarako A Ze Flaxa taldea eta Fo-fo-fo talde elgetarra izan ziren nor baino nor gehiago.

Final parekatua

Finalean, bi taldeen arteko jokoa orekatua izan zen, ez batak ez besteak ez zuen arrisku handirik sortu. Lehen zatian, bi taldeek joko maila bera erakutsi zuten. Zelai erdiko jokoa izan zen nagusi, eta aukera gutxi egin zituzten.

Erritmo handiko partidua izan bazen ere, ez ziren golak egiteko gai izan. Atsedenaldira heldu baino lehen, A Ze Flaxak gol aukera garbi bat eduki zuen baina ez zuen asmatu. Bigarren zatian, A Ze Flaxa hobeto aritu zen, baina hala ere, gauzak ez ziren askorik aldatu. Emaitza penaltietan erabaki behar izan zen, ikusitakoak ikusita, modu justuenean.

Penaltiak garaipenaren protagonista

Aurtengo txapelketan penaltiak izan dira protagonista nagusi. Egubakoitzeko finalean, irabazlea penaltien bidez erabaki behar izan zen. Bi taldeen artean guztira hamabi penalti bota behar izan zituzten. Jaurtiketa horietan, A Ze Flaxak sei bidali zituen sarera eta Fo-fo-fok bost; horrela, A Ze Flaxak eskuratu zuen garaipena.

Txapelketako pitxitxi edo golegile nagusia ere penalti bidez erabaki behar izan zen. Izan ere, Haritz Gallastegik eta Juan Luis Etxaniz ek txapelketan gol kopuru bera sartu zituzten: hamar, hain zuzen. Azkenean, penaltietan Juan Luis Etxaniz nagusitu zen, eta hark lortu zuen pitxitxi saria.

Lagun arteko giroa

Aurtengo txapelketako irabazleak, A Ze Flaxak, txapelketa hau bereganatzen duen lehen aldia da, eta hamasei daramatza bertan parte hartzen. Fo-fo-fo talde elgetarra iaz izan zen txapelketa honetako irabazlea, baina aurten ezin izan du garaipen hori berritu, gertu izan duen arren.

Aurtengo txapelketan, lehiaren gainetik, lagun arteko giroa nagusitu da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak