Bergararrek giro paregabean igaro zuten San Martzialgo erromeria

Eneida Iturbe 2004ko uzt. 5a, 11:43
Kultura Zerbitzuak 231 mahai alokatu zituen atzorako; jana eta edana ere gura beste egon zen. Herri-jolasetan lagun askok hartu zuten parte; batzuk sokatiran ibili ziren eta hainbat txingak eramaten.

Bergarar asko, beste domeka batzuetan ez bezala, goizean goiz esnatu ziren atzo. San Martzialera igo eta eguna jai giroan igarotzea zuten helburu; eta hala egin zuten. Aldarte onean eta eguzkia lagun zutela ospatu zuten jaia han bildutakoek.

Goizeko 9:30ean alborada izan zen kalean Lizarrako gaitariekin, Zumarragako trikitilariekin, Los Incansables txarangarekin eta Bergarako Udal Txistulari bandarekin. Ondoren bi idik tiratutako gurdiarekin San Martzialera igo ziren hainbat lagun, tartean Bergarako alkate Victoriano Gallastegi. Oinez zein autobus urbanoan igotzeko aukera izan zuen jendeak.

Goian, mahaiak antolatu ondoren jaiaz gozatu zuten. Meza ostean bertsoak eta dantzak izan ziren. Urtero moduan, Xamatz taldeko dantzariek eta beste hainbat herritarrek aurreskua egin zuten eta publikoko neskak atera zituzten sokan jarri eta trikitia dantzatzera. Hasieran dantzariek ezezkoren batzuk jaso bazituzten ere, laster galdu zuten lotsa neskek eta koadrila galanta irten zen dantzara.

Bazkalorduan ez zen jateko eta edatekorik falta izan. Koadrila askok duela hilabete baino gehiagotik zeukaten arbolapean beren txokoa gordeta, eta han eman zuten bazkalondoa. Umeak, berriz, geldik ezin egon eta ur pistolekin elkar bustitzen edo eurendako antolatutako jolasetan ibili ziren.

Mahaien fidantza

Bergarako Udaleko Kultura Zerbitzuak San Martzialgo erromeriarako mahaiak alokatzeko aukera ematen du urtero. Atzorako 231 mahai alokatu zituzten koadrilek. Aurten 20 euroko alokairuaz gain 100 euroko fidantza ordaindu behar izan da mahai bakoitzeko. Udalak azaldu duenez, “urtetik urtera desagertutako eta hautsitako materialak gora egin duelako” hartu dute erabaki hori. Gaur hasi eta egubakoitza bitartean egongo da fidantzako dirua bueltan jasotzeko aukera. Horretarako atzo materiala itzultzerakoan jasotako ziurtagiria kultur etxean aurkeztu beharko dute, 16:00etatik 19:00ak bitartean.

San Martzialen jendea ez zen oso gustura fidantzaren kontuarekin, batez ere materiala itzultzeko ordutegi finko bat ezarri zutelako; goizegi, askorendako.

Sokatira eta txingak

Arratsaldean, ikusmin handia sortu zuten herri-jolasek. Sokatiran 12 mutil taldek eta 10 neska taldek hartu zuten parte. Mutiletan, Kabestroak izan ziren garaile, Solopotroak bigarren eta Caipiriña hirugarren. Nesketan, Tira Andrak izan ziren irabazle, Gu geu bigarren eta Bakiekuak hirugarren. Txingak eramaten lagun gutxiagok jardun zuten. Nesken artean, bergarar bat beharrean, Virginia argentinarra gailendu zen. Jolasen ostean, taldean jaitsi ziren herrira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak