Proposamen berria egin dute lehen ere Bergarako Proposamena egin zutenek

Goiena 2004ko mai. 11a, 18:20
Joan zen abenduaren 15ean Bergarako Proposamena aurkeztu zutenek, beste proposamen bat aurkeztu dute gaur goizean. Aurrekoa aurkeztu zuten toki berean izan da ekitaldia: Bergarako Olaso Dorrean, hau da, Telesforo Monzonen jaiotetxean.

Orduko proposamen hura, “oinarrizko ardatz moduan Euskal Herria eta espainiar zein frantziar estatuen arteko gatazka politikoaren konponbidea hartuta, bitartekaritza bat osatzera zetorren, zeina herritarra izanik herri gisa arituko litzatekeen, negoziazio erabakigarri bati begirako prozesu bat eratzeko asmoz”.

Martxoko hauteskundeen ostean, Espainiako gobernu aldaketak ekarri duen egoera berriarekin bat egiten duen proposamena da gaur aurkeztu dutena da. Arnaldo Otregik, Rafa Diezek eta Emile Laplacettek egin dute aurkezpena. Hirurek irakurri dute proposamen berria, euskaraz eta gazteleraz.

Jende ezaguna batu da prentsa aurrekoan

Ezker abertzale ofizialeko kide horiekin batera han izan dira beste batzuk ere, mahaia osatuz: Pernando Barrena, Jose Luis Elkoro, Itziar Lopategi eta Jon Idigoras, besteak beste.

Abenduan egin zuten proposamenaren aurkezpen ekitaldian bezala, oraingoan ere ikusmin handia sorrarazi du gaurkoak eta hedabide ugari gerturatu dira Olaso Dorrera.

Abenduan aurkeztu zuten proposamenaren inguruan, bost hilabete pasa ondoren zera diote:

  • Herri honetan gatazkaren konponbidea, Euskal Herriaren aitorpena eta, beraz, herritarrek status instituzionala, politikoa eta ekonomikoa erabakitzeko borondatearen alde lanean ari diren eragile politiko, sindikal eta sozialak bildu nahi ziren proposamen haren inguruan.
  • Proposamen hura ez zen izan proposamen taktiko bat.
  • Proposamena baztertua izan zen, antolakunde politikoen interes espezifikoak tarteko.
  • Proposamena positiboki hartua izan zen herri honetako sektore zabalen aldetik eta, era berean, ETAren hausnarketa bat ekarri zuen, proposamenaren edukiari buruz bere borondatea eta ardura zein izan zitekeen azalduz.

Abenduan aurkeztu zuten proposamenaren ondoren, oihartzun politiko handiko hainbat berri eman dira, hauexek:

  • Espainiako hauteskundeak: PPren porrota, PSOEren garaipena eta ziklo politiko berri baten hasiera.
  • Frantziako hauteskunde kantonalak eta erregionalak: eskuinak, urteotan guztiotan Euskal Herriko sektore zabalek luzaturiko aldarrikapenak etengabe ukatu dituen berberak, dimentsio handiko porrota ezagutu du.
  • 2004ko Aberri Eguna: Eztabaida Gune Nazionalaren proposamena, ezker abertzale ofizialak positiboki baloratzen duena.

Aldagai hauek kontuan hartuta, Ezker Abertzale ofizialak segidakoa azpimarratu nahi du:

  • Nazio mailako bitartekaritzan parte hartu eta sustatzeko bere borondatea berresten du, Frantziar eta espainiar estutuekin elkarrizketa mahaia osatuz autodeterminazio eskubidearen onarpena lortzeko.
  • Beharrezkoa da behin betiko konponbide justua nahi duten guztien artean gatazkaren konponbiderako proposamen bat osatzea, trantsizio demokratiko baterako prozesuaren ezaugarri eta joko arauak zehazteko.
  • Ezker Abertzale ofizialak Euskal Herria eskubide subjektu gisa onartzen duen proposamen ororekiko bere balorazio positiboa egiten du, baita herri kontsulta konponbide demokratikorako tresna gisa hartzen dutenekikoa ere.
  • Ibarretxeren planaren inguruan egindako analisiari helduz, bere aspektu positibo eta negatiboekin, unea iritsi da esfortzu eta arreta guztia gatazkaren konponbide demokratikoari begira jartzeko.
  • Eskaintza egiten die Ibarretxeren plana babesten duten eragile politikoei gatazkaren konponbideari eta orube demokratikoaren eraikuntzari lehentasuna eman diezaioten aipatu proiektu politikoen gainetik.
  • Nazio Eztabaida Gunean positiboki eta modu eraikikorrean planteaturiko iniziatibak era efikaz batean aktibatzeko aukera egongo litzateke.

Arnaldo Otegik, hurrengo batera arte batekin bukatu du, esperantzarekin, hurrengo proposamen bat, toki esanguratsu berean egindakoa, izango dela-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak