Euskal Herriko itzuliko lehenengo etapan lau mendate igoko dituzte. Asentzioko gaina helmugatik gertu

Gorka Etxabe 2004ko mar. 23a, 17:38
Gaur aurkeztuko dute Euskal Herriko txirrindulari itzulia. Donostian egingo dute aurkezpena. Lehenengo etapa Bergaran hasi eta amaituko da, eta 139 kilometro izango ditu. Apirilaren 4an eta 5ean txirrindularitza giroa izango da nagusi Bergaran. Lasterketarekin lotutako ekitaldietan, Bergarako musika bandak ere esku hartuko du.

Apirilaren 5eko arratsaldeko hirurak laurden gutxian abiatuko da Euskal Herriko itzuliko lehenengo etapa. Bergaran hasi eta amaituko da lehenengo etapa eta 139 kilometro izango ditu. Bergarako San Martin plazatik abiatuko dira txirrindulariak eta helmuga Ibargarai kalean izango da.

Ibilbidean lau mendate igo beharko dituzte, helmugatik gertu Asentzio

Lau mendate igo beharko dituzte txirrindulariek 139 kilometro horietan. Bergaratik Maltzagarako bidea hartuko dute, Debatik Itziarrera egingo dute, gero Arronara jeisteko eta handik Zestoarako bidea hartuko dute. Azpeitia eta Azkoitia igarota Gorlara egingo dute. Gero Bergarako helmugatik igaroko dira, eta Labegaraietatik saihesbidera irtengo dira. Antzuola, Deskarga, Legazpi eta Oñatitik pasatu ondoren Bergarara egingo dute berriro ere eta etaparen azken kilometroetan Asentzio igo beharko dute Angiozartik. Helmuga Ibargarai kalean egongo da.

Lokatza txirrindulari eskolak antolatu du guztia, eta Lokatzakoek nahi zuten Bergaratik, Antzuolatik eta Elgetatik igarotzea lehenengo etapa. Izan ere, hiru herri horietako txirrindulariek osatzen dute eskola. Gehienez, 140 kilometroko etapa prestatu zezaketen, telebista kontratuak errespetatzeko.

Lasterketa hirurak laurden gutxian abiatuko da herriko plazatik eta bostak eta laurdenetan amaituko da Ibargarain.

Musika eskolako bandak alaituko ditu herriko kaleak

Egun osoan musika eskolako bandak girotuko du herria eta lasterketa amaieran pilota partidua izango da udal pilotalekuan. Diario Vasco txapelketaren finalaren errebantxa jokatuko da eta.

Bezperan ere giroa berotuko du Bergarako musika bandak. Era berean, domekan bertan, lasterketan esku hartuko duten taldeen zuzendariek bilera egingo dute. Txirrindularitza giroa nagusituko da, beraz, apirilaren 4an eta 5ean Bergaran. Goiena Telebistak ere saio berezia eskainiko dizue.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak