Etxeko ardurak trukatzeko ikastaroa antolatu du Udalak

EduMendibil 2004ko mar. 18a, 09:50
Astelehenean, hilak 22, hasiko dira eskolak. Ikasgaiak ugari izango dira: joskintza, lisatzea, sukaldaritza, iturgintza, elektrizitatea, brikolajea… Interesatuek udaleko Gizarte eta Ongizate zerbitzura edo 943 77 91 25 telefono zenbakira jo dezakete. Izen ematea doanekoa da.

Gizonekoek joskintza, lisatzea, sukaldaritza, garbiketa eta etxeko ekologia jorratuko dute eta emakumeek, berriz, iturgintza, elektrizitatea, brikolajea eta etxeko ekologia.

Hala ere, Jon Lopez Gizarte eta Ongizate zerbitzuko teknikariak argitu digunez, interesatuek aukera izango dute nahi duten ikastaroa egiteko: "Emakume batek nahi badu sukaldaritza, lisatzea eta abar ikastea, ez dago arazorik, eta berdin iturgintza eta elektrizitate ezagutzarik ez duten gizonezkoekin. Azken baten, etxeko ardurak trukatzeko orduan rolak ez daude oso ondo zehaztuta gaur. Emakume zein gizonezkoendako ateak zabalik ditugu eta ikastaroan parte hartzen duten guztiei ondo etorriko zaie gauza berriak ikastea. Ikastaroaren helburuetako bat gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna jorratzea da eta etxeko ardurak trukatzea urrats bat izan daiteke".

Izena ematea doanekoa

Eskolak datorren astelehenean, hilaren 22an, hasiko dira. Izena ematea doanekoa da eta interesatuek udaleko Gizarte eta Ongizate zerbitzura edo 943 77 91 25 telefono zenbakira jo dezakete. Plaza mugatuak dira. Iturgintza, elektrizitatea, brikolajea eta etxeko ekologia Mariaren Lagundiko eraikin berrian eskainiko dira eta nagusiki gizonezkoei zuzendutako eskolak erretiratuen egoitzan, Boni Laskurain kalean izango dira.

Bietan ere eskolak astelehen eta eguaztenetan izango dira, 19:00etatik 21:00etara. Guztira, hamar saioa izango dira eta ikastaroa maiatzaren hasieran amaituko da. Iaz bezala, udalak Elgoibarko Bide Egin enpresa kontratu du ikastaroa emateko. Esan bezala, aurten hirugarren aldiz antolatzen dituzte ikastaro hauek.

Esperientzia positiboa

Jon Lopez udaleko teknikariaren arabera, orain arteko esperientzia guztiz positiboa izan da: "Harrera ona izan dute ikastaroek eta partaideek esandakoaren arabera, gustura ibili dira. Adin guztietako jendea etorri izan da. Iaz esaterako, nagusienak 60 urte pasatxo zituen eta gazteenak, berriz, 17 urte. Orain arte emakumeen aldetik eskaera gehiago izan da, baina gizon dezente ere etorri izan da argibide eske. Guztira, 30 plaza izango dira eta aurten ere plaza guztiak betetzea espero dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak