Ligaxkan hiru partidu jokatu dituzte Samaniegok eta Gutierrezek: Eibarko bikoteari 22-8 irabazi zioten, Amezketan 22-16 galdu zuten eta aurreko egubakoitzean Urretxun irabazi zuten (20-22). Egubakoitzean, beraz, euren esku izango dute abenduaren 19ko finalerako sailkatzea. Gipuzkoako kluben arteko txapelketako finalak Hernanin jokatuko dira aurten.
Gutierrez eta Samaniego txapelketa bikaina egiten ari dira, baina ezin ahaztu gaixorik dagoen Ander Muguruzak egindako lana. Haren lekua bete du Edu Samaniegok azken partiduetan.
Egubakoitzeko jaialdia
Senior mailako partiduaren aurretik beste hiru jokatuko dira Bergarako Udal Pilotalekuan, 19:00etan hasita: Bergara-Soraluze (lehen mailako kadeteak), Bergara-San Esteban (bigarren mailako gazteak) eta Bergara-Añorga (bigarren mailako seniorrak).
Gabon saria
Domekan, berriz, Gabon sariko final-laurdenak izango dira Udal Pilotalekuan, 10:00etan. Gabon sarian, benjamin, alebin eta infantil mailako pilotariak ari dira. Bergara KEko pilota saileko arduradunen arabera, gaztetxoen artean pilotarako zaletasuna piztea da helburu nagusia. Kadete, gazte eta senior mailako pilotariak ere lehiatuko dira. Ohikoa denez, finalak Gabonetan izango dira.