Udalera igorritako ohar baten bidez eman du Foru Aldundiak aditzera Urteaga kaleko mendian lerradura gertatu dela berriz. Ondorioz, Urteaga 29ko bost familiak irtenarazi egin dituzte eta GI-632 errepidea itxi segurtasuna bermatzeko asmoz. Izan ere, Aldundiaren arabera, egunotan euria diharduenez, areagotu egin daiteke mendia mugitzeko arriskua.
Udala, alokairuan hartzeko etxe bila
Bost dira txetik kanpo dauden familiak, Urteaga 29ko guztiak. Horietako batzuk Lasa ostatura eraman ditu Udalak, baina gutxienez bost hilabete inguru eman beharko dituztenez etxetik kanpo, ostatutik atera eta etxeetan sartzeko asmoa dutela aurreratu dute Udaleko iturriek. Horretarako alokairuan hartzeko etxe bila dabiltzala gehitu dute, alokatu eta gero familiok etxeotan kokatzeko.
Lantegiak arriskutik kanpo
Etxebizitza horrez gain, Urteagan hainbat lantegi ere badaude, baina ez da egon horiek irtenarazteko beharrik. Izan ere, mendiaren lerradura etxea dagoen alderantz izan da, eta ez lantegiak dauden tokirantz. Hori dela eta, lantegiek arriskurik ez dutela azaldu dute Udal iturriek.
Errepidea ere itxita
Antzuolarako errepidea ere GI-632 itxita egongo da arazoa konpondu arte, hau da, bost hilabete inguru. Bien bitartean Ekialdeko saihesbidea erabili beharko dute ibilgailuek Antzuola aldera egiteko edo handik Bergara aldera egiteko. Udaleko iturriek azaldu dutenez, Foru Aldundiko Azpiegituretarako Departamentuko ordezkariekin batzartu dira, eta Aldundia arduratuko da mendia eusteko proiektua egiteaz. Izan ere, hori da egingo dutena: mendiari goitik pisua kendu eta ondoren eutsi.
Bigarrengoz ematen den egoera
Maiatzean ere itxita egon zen GI-632 errepidea eta orduan ere etxetik atera zituzten Urteagako bizilagunak. Orduan ere lur eta harri jauziak gertatu ziren, eta segurtasuna bermatzeko hartu zituzten neurri horiek. Lehenengo aldi hartan bi hilabetez egon zen itxita errepidea eta familiek astebete eman zuten etxetik kanpora.