Aukeratu dituzte datozen lau urteetarako auzo alkate izango direnak

Monika Belastegi Aranzabal 2003ko aza. 27a, 19:15
Udal hauteskundeen ondoren, auzoetarako Udal ordezkariak ere aukeratu dituzte. Ohituraz auzo alkate deitu izan diegu, eta izendapen berrietan denetarik dago: batzuek errepikatu egiten dute kargua eta beste batzuk, berriz, estreinatu egiten dira.

Karguak lau urte irauten du

Auzo alkatea da Udalak auzo bakoitzean duen ordezkaria. Karguak agintaldi osoa irauten du, hau da lau urte, eta hauek dira bere zereginetako batzuk:

  • Auzoaren ordezkaria da behar den lekuetan.
  • Udalaren aurrean auzoaren erabakiak azaldu eta defendatu behar ditu.
  • Udalaren erabakiak auzora eraman behar ditu.

Izendapena

Bergarako alkatea da auzo alkateak izendatzen dituena, beti ere, auzoak egindako proposamenean oinarrituta. Hala, Victoriano Gallastegi alkateak, auzo bakoitzak egiten dion proposamenari zain egoten da, eta horixe hartzen du aintzat ondoren auzo alkate izendatzeko.

Herrian bederatzi auzo alkate ditugu: Elosun, Murinondon, Uberan, San Juanen, Aldai-Egian, Angiozarren, Basalgon, Elorregin eta Osintxun. Hala eta guztiz ere, Osintxuren kasuan oraindik erabakitzeke dago zein izango den auzo alkatea, auzoak ez baitu izenik proposatu.

Auzoetan nola aukeratzen dute hautagaia?

Auzo bakoitzak bere modua du udaletxera eramango duten izen edo proposamena erabakitzeko orduan. Ohikoena da, auzoko norbaitek bere burua aurkeztea, eta halaxe izan da hainbat auzotan.

Baina bada auzo alkatea aukeratzeko beste modurik ere. Angiozarren, hauteskundeak egiten dituzte. Balio legalik ez dute hauteskundeok, baina aspalditik datorren usadioari jarraipena eman nahi izateko diote Angiozarko auzotarrek. Izan ere, 1977an egin zituzten lehen hauteskundeak, Angiozarko bailarako batzarra eta auzo alkatea aukeratzeko.

Irailean egin zituzten hauteskundeak eta botoa emateko aukera zuten 264 lagunetatik 200ek eman zuten. Hauteskundeetan auzo alkatea eta auzoko batzarra osatuko duten kideak aukeratzen dituzte: 17 batzarkide, eta alkatea 18.a da.

Bozketa ondoren, alkatea eta batzarkideak

Aurkezteko ekitaldi berezia egiten dute. San Migel jaietan izan zen, eta han hartu zuten kargua batzarkideek eta baita alkateak ere, bere karguari dagozkion sinboloak –Makila eta Herriko dokumentuak– eskuan hartuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak