Gure Ametsa elkarteak Benito Lertxundi omenduko du

Edu 2003ko aza. 26a, 13:22
San Antonioko Gure Ametsa elkarteak Benito Lertxundi kantaria eta musikaria omenduko du datorren abenduaren 18an. Abeslari oriotarrak euskal kulturaren alde egindako lanagatik omendu nahi izan diote Gure Ametsakoek.

Esan bezala, datorren abenduan izango da omenaldia San Antonioko elkartean. Lehenbizi, Benito Lertxundirekin elkarrizketa-hitzaldia egongo da 20:15ean eta ondoren, 21:15ean, afaria. Afarira joateko interesa dutenek Gure Ametsan bertan edo 943 76 10 25 (Patxi Uribesalgo) telefonoan eman dezakete izena. Plaza mugatuak dira.

Benito Lertxundik bere ibilbidearen eta asmoen berri emango die bertaratuei. Joan zen urtean Nere ekialdean diskoa kaleratu zuen eta disko horren eta aurreko lanen gaineko azalpenak emango ditu Orioko kantariak. Bergararekin harreman estua izan du Lertxundik. Horren adibide, Bergarako Orkesta Sinfonikoarekin Ahuen sinfonikoa diskoaren kantak eskaini zituen Udal Pilotalekuan, 2000 urteko Pazkuetan

Jaiotza eramangarrien lehiaketa

Bestalde, Gure Ametsako kultur batzordeak II. Serafin Esnaola Jaiotza Eramangarrien Lehiaketa deitu du. Serafin Esnaola zenaren omenez antolatutako jaiotza lehiaketa haur, gazte eta nagusiei zuzenduta dago. Jaiotzak, alde bakoitzean, 30-80 cm. bitarteko oinarri sendoan egindakoak izan behar dira eta Gure Ametsan aurkeztu beharko dira abenduaren 20an, 11:00etan, han ikusgai izango direlarik. Bi kategoria bereiztuko dira: 13 urtetik 17 urtera artekoak eta 18 urtetik aurrekoak. Kategoria bakoitzeko onenak egunean bertan sarituko dituzte, Napar Feriako programazioaren barruan.

Napar Feria

Izan ere, abenduaren 20an Napar Feriaren laugarren ekitaldia izango da San Antonion. Antzinako ferien estilora, Nafarroako produktuekin 10 bat pòstu egongo dira eta hainbat ekitaldi izango dira goizean zehar: txistulariak, dultzaina jotzaileak, Alai Taldea… Era berean, Gure Ametsakoek antolatutako jaiotza ikusgai egongo da auzoan. Jaiotzarako beste 15 bat pieza berri egin dituzte Gure Ametsakoek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak