Arostegi etxean erakusketa aretoa egingo du Udalak

Monika Belastegi Aranzabal 2003ko aza. 20a, 12:43
Asteleheneko bilkuran onartu egin zuen udalbatzak Arostegi etxeko behe solairua erakusketa areto bihurtzeko proiektua. Horrekin batera lanak egiteko baldintzak ere onartu zituzten. Datorren urterako martxan egongo da.

Barrenkale 7an dagoen Arostegi etxeko behe solairuan egokituko dute erakusketa areto hori eta proiektua Iñaki Berasategi, Elisabeth Ena eta Xabier Berasategi arkitektoek egin dute. Behe solairuak 179 metro koadro inguru ditu, eta horietatik 155 inguru erakusketa aretoari dagozkio. Horrez gain, sotoa ere badu aretoak. Han, bi biltegi, komunak eta aire girotuaren gela egongo dira. Erakusketa aretoari dagokionez, areto zabala izango da, itxitura edo banaketarik gabekoa. Hala ere, beharrezkoa balitz erakusketak hala eskatzen duelako, manpara edo pareta mugikorrekin egin ahal izango da banaketa. Behe solairutik sotora jaisteko eskailerak eta igogailua egongo dira.

Sarrerako atea kendu egingo dute

Sarrerako ateak duen interes historiko eta artistikoa kontuan izanda, eta hondatu ez dadin, kendu eta erakusketa aretoan sartuko dute. Horren aurretik, zaharberritu egingo dute eta horren ondoren sartuko dute aretoan, erakusketarako elementu egonkor gisa. Ate horren ordez jarriko dutena altzairuz eta egurrez egindakoa izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak