Juan Luis Bikuña: "Hain gertu baina aldi berean urrun dago Elosu auzoa; denbora geratu egiten da han"

Monika Belastegi Aranzabal 2003ko urr. 10a, 15:32
Iriaun, frantsesen urrea eta Elosu izeneko liburua idatzi du Juan Luis Bikuña Bergarako kazetariak. Besteak beste, Elosuko nagusiei egindako elkarrizketez baliatuz auzoan barrena ibilaldia egiten du liburuan.

Zer jasotzen du liburuak?

Duela 20 urte, 1982-83 artean, hainbat elkarrizketa eta bitxikeria jaso nituen Elosun. Ordutik gordeta izan ditut, baina ebakuntza egin didate aurten, eta bajan egon naizen denboran elkarrizketok hartu eta ordenatu egin ditut. Pena ematen zidan Elosuko biztanleek kontatutako bitxikeria eta istorio haiek galtzea. Eta horregatik, argitaratzea pentsatu genuen. Azken batean, hain gertu dagoen Elosu aldi berean urruti dago. Izan ere, hara joan eta bertakoekin berba eginez gero, denbora gelditu egiten da: nahiz eta nekazal jarduera modernizatu den, jendearen izaeran oraindik ere bada lehengo lasaitasuna. Hori guztia kontuan izanda pentsatu nuen liburuarena.

Elosu kaletarroi ezagutzera emateko liburua da?

Bai. Eta batez ere, jendea animatzeko halako lekuetara joaten. Batik bat, daukagun bizimodu azkar eta estresagarria kontuan izanda. Eguneroko eskema horrekin apurtzeko aukera eskaintzen du Elosuk toki lasaia den heinean, eta 5 km-ra besterik ez dago.

Liburuan Elosuko eraikinen berri ematen duzu. Iriaun izeneko etxea ei da egin zuten lehena.

Bai. Nafarroako erregeak agindu ei zuen eraikitzea, XI. mendean. Gaur egun Ixaun jatetxea da. Datu askorik ez dago; aurkitu ditudanak XVI. mende erditik aurrerakoak dira. Garai hartako jaunaren etxea zen Iriaun. Parrokia egin zutenean ere, San Andres de Iriaun zen. Eta jauntxo haren inguruan bizi ziren ingurukoak. Garai antzerakoan baina urte batzuk aurrerago beste etxe bat sortu zen, Narbaiza, eta handik aurrera gainerakoak.

Gaztelu bat ere aipatzen duzu liburuan.

Hilerriaren ostean, bada muintxo bat. Ba, horri gaztelua esaten diote. Baina ez dago datu zehatzik esaten duenik han gaztelua zegoenik. Hainbat liburutan agertzen da Felipe II.k agindu zuela hainbat gotorleku desegiteko eta tartean Elosu aipatzen du. Baina kontuan hartu behar da 1200 urteaz berba egiten dihardugula, eta garai hartan ez zegoela herririk han. Beraz, badirudi ez duela zentzu handirik gaztelua izateak. Seguru asko, Larramendik ere hala aipatzen du, behatokia izango zen, Urola bailara zaintzeko gunea. Haren harriak erabili zituzten gero parrokiaren kanpandorrea egiteko.

Elosuarrek kontatutako hainbat mito eta kondaira ere jaso dituzu.

Bai, Elosu bertakoak dira, gainera. Eta bada bat, frantsesak eta urrea lotzen dituena. Horixe da, gainera, izenburuaren elementuetako bat: Iriaun, frantsesen urrea eta Elosu. Iriaun da auzoaren lehen izena, Elosu gaur egungoa eta bien arteko zubi egiten, trantsizio moduan ipuina.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak